Visor de contenido web

Herriko jaiak

Urte osoan zehar hainbat ospakizun eta festa izaten dira Itsason. Egitarau zabalena herriko jaiek bereganatzen badute ere, ekimen eta ospakizun txikiagoek ere euren protagonismoa eta xarma izaten dute.

Itsasoko San Bartolome jaietan herri afaria

Itsasoko jaiak

San Bartolome bezperatik hasi eta hurrengo igandera bitarte luzatzen dira herriko jai nagusiak abuztuan. Bost edo sei egunetan zehar, ia etenik gabe, egitarau zabala izaten da haur, gazte zein helduentzat gozagarri. Auzolanean antolatzen dira udan zehar itsasoarrak parte-hartzeko eta elkarrekin ospatzeko uneak: herri afaria, bertsoak, ume jolasak, kontzertuak, paella herrikoia, mendi bizikleta, herri kirolak, historia eta ondareari buruzko erakusketa eta hitzaldiak... Herriminez eta jakin-minez, kanpoan diren hainbat eta hainbat itsasoar ere gure artean izaten ditugu egun horietan: gure herri komunitate zabala.

Madalena jaiak Alegian

Madalena jaiak Alegian

Alegia auzoa osatzen duten itsasoarrek, gabiriarrek eta ormaiztegiarrek parte hartzen dute bi egunetako egitaraua antolatzen eta hainbat ekintza finkatu ere egin dira, arrakasta handia lortzen baitute. Hala nola, sagardo dastaketa, dantza erakustaldia, oilasko afaria, Joselu Anaiak, herri-afaria... Uztaileko giro epelean inguruko askorentzat ezinbesteko topaleku!

Itsasoko Kizkitzako eguna

Kizkitzako eguna

Ospakizunen artean berezia da nola bizi dugun irailaren 8an Kizkitzako eguna. Ez bakarrik herrikook, baita beste hainbat tokietakoek ere. Familian edota lagun artean Kizkitzako ermitara goizean igo eta eguna igarotzeko urte askotako ohiturari eutsi zaio. Batzuk egun osorako, goizeko mezarekin hasi plaza betez, pintxoak, bazkaldu, erromeria, toka... Beste batzuk ordu batzuetarako, joan etorria, gora eta behera, handia izaten baita egun osoan zehar. Iluntzean festak Itsason jarraitzen du trikitilariekin afalduz, plazako karpapean. Zinez zaintzen dugu Kizkitzak ematen digun argia!

 

Ospakizun, emanaldi eta ekimenen egitaraua

Urtarrila

Urteberri kontzertua gaztetxoen eskutik Itsasoko Ostatuan

Emanaldia · Urtarrileko lehen astea

Urteberri kontzertua

Herriko gazteak musika hezkuntzan aurrera egiten joan diren ahala, musika tresna desberdinekin taldea eginez, hainbat ekitalditan parte-hartzera animatu dira denon gozamenerako. Urteberritako kontzertua jada finkatuta dagoen jarduera horietako bat da, gehienbat Gabonen inguruko errepertorioarekin, urtez urte aldatuz eta aberastuz doana.

 

Otsaila

Santa Ageda bezperan koplak abesten Itsason

Ospakizuna · Otsailak 4

Santa Ageda bezpera

Santa Ageda bezpera koplekin lotzen dugunez, koplak egiten ikasteko tailerra egitea bururatu zitzaigun joan den urtean. Herrian baditugu irakasle on askoak teknika, umorea eta sentsibilitate handia konbinatzen dakitenak. 2017 aurreko urteko pasarte esanguratsuenak koplatan jendaurrean kantatu genituen, irudiekin lagunduz.

Matximenta auzoko jaietan bertso afaria

Auzo-jaiak · Santa Ageda asteko larunbatean

Matximentako jaiak

Santa Ageden aste berean, Matximentako auzoan bertso afaria egin ohi da eta itsasoar talde handi bat bertaratzen gara hango bizilagunekin une ederrak partekatzera.

Inauteriak Itsason

Ospakizuna · Inauteri-larunbata

Inauteriak

Ez da urte asko Inauteriak ospatzen ditugula. Nork esan behar, gainera, adin guztietakoak mozorrotuko ginela! Bada, gure gazteen lorpena da. Jai giroan, umorez lepo eta jolasak tarteko, larunbat arratsalde eta gau partea, kolore betez.

 

Martxoa

Emakumeen eguneko bazkaria

Ospakizuna · Martxoak 8

Emakumeen eguneko bazkaria

Martxoaren 8an bazkaria antolatzen da urtero emakumeen eguna ospatzeko. Ezin esan noiztik itsasoar emakumeak elkarrekin antolatzen duten bazkari hau, aspaldi hasi baitziren. Orijinala ere bada Itsasoko Ostatuko Manu sukaldariak egun honetan platerei jartzen dien more kolore ukitua.

 

Apirila

Udaberriko auzolana Itsasoko Kizkitzan

Auzolana · Udaberria

Udaberriko auzolana

Urtean bi auzolan egiten ditugu, bata udaberrian eta bestea udazkenean. Herriarentzat ospakizun bihurtzen dira, parte-hartze handiak dakarren poza. Herri Batzarrean lehentasunezko jotzen diren lanak burutzen goaz pixkanaka pixkanaka, asko baitaukagu egiteko. Azkenekoan 60 lagun elkartu ginen eta taldeetan banatuta 4 edo 5 guneetan hainbat lan gauzatu: Kizkitzan, Alegian, hirigunean, Itsusturrin, herri-bideetan... eta iluntzean afaria ostatuan.

 

Maiatza

Katilu eguna Itsason, Pott Keramikaren eskutik

Tailerra · Maiatzak 13, 20 eta 27

Katilu eguna

2017an Pott Keramikak 25 urte betetzen dituela ospatzeko, Katilu eguna antolatu zen Itsasoko euren estudioan. Ekimen honetan, norberak bere katilu pertsonalizatua sortu zuen hiru asteburuetan.

San Isidro eguneko bazkaria Itsason

Ospakizuna · Maiatzak 15

San Isidro eguneko bazkaria

Betidanik ezagutu dugu Itsasoko Ostatuan nekazarien eguna, bazkaria lagun, ospatzeko ohitura. Eta gaur egunean garai batean bezainbeste nekazari ez bada ere, elkarrekin bazkaltzeko aukerari eutsi zaio eta asteko edozein egun dela ere, Ostatuko jangela erreserbatua izaten da eginkizun honetarako.

Gipuzkoako Itsasotik Nafarroako Itsasora irteera

Irteera · Udaberria

Irteera esanguratsuak

Gabonetako kantu eskean etxez etxe biltzen den diruarekin, hainbat ekimenen bidez herriari itzultzen zaio ekarpen hori. Horien artean, irteera esanguratsu bat antolatzea ere izan da: Lapurdiko Itsasura eta Nafarroako Itsasora, esate baterako. Belaunaldi guztiek elkarrekin, 60-80 lagun mobilizatuz, beste herri batzuekin loturak eginez. Egun hunkigarriak gure oroimenean geratuko zaizkigunak.

 

Ekaina

Ikasturte amaierako kontzertua Itsason

Emanaldia · Ekain amaiera

Ikasturte amaierako kontzertua

Ekainean gure gazteen doinuetara erakarrita eliz-ataria betetzen dugu. Kontzertu honetara gure herri mugakide ditugun Gabiria eta Ormaiztegiko gazteak eta gurasoak ere biltzen zaizkigu. Esker onez hartzen ditugu Txindata Musika Eskolako irakasleak, hainbeste urteetan musika hezkuntza guztiengan garatzen egin duten lanagatik.

San Juan Bezperako afaria Itsason

Ospakizuna · Ekainak 23

San Juan Bezpera

Orain urte gutxira arte, herriko helduenek bakarrik, etxean behin sua piztu eta gero, Ostatuan afaltzen zuten. Baina gaur egun herri osoak parte hartzen duen jaia bihurtu da, egitarau dinamikoarekin: isatsa-erratzen koreografia, parrillada afari jendetsua, sua plazan, sorgin-dantza...

Ume eta gaztetxoentzat udalekuak Itsason

Udalekuak · Ekaineko azken astea eta uztaileko lehenengo hirurak

Ume eta gaztetxoentzat udalekuak

Ekimen berria dugu, berriro udalerri garenetik antolatu baitugu. Hogeita bat gaztetxo eta umeek, udaleku artistikoak, hipika ezagutzak eta kirolari lotutako ekintza anitz espazio desberdinetan jorratu ahal izan baitituzte 4 asteetan zehar. Oso balorazio positiboa eta ekarpen berriak jaso dira hurrengo urteetarako.

 

Uztaila

Madalena jaiak Alegian

Auzo-jaiak · Uztailak 21-22

Madalena jaiak Alegian

Alegia auzoa osatzen duten itsasoarrek, gabiriarrek eta ormaiztegiarrek parte hartzen dute bi egunetako egitaraua antolatzen eta hainbat ekintza finkatu ere egin dira, arrakasta handia lortzen baitute. Hala nola, sagardo dastaketa, dantza erakustaldia, oilasko afaria, Joselu Anaiak, herri-afaria... Uztaileko giro epelean inguruko askorentzat ezinbesteko topaleku!

Xaboi eta ukenduen tailerra Itsasoko elizatarian

Tailerra · Uda hasiera

Udako tailerrak

Ekainean landareak eta loreak indarrik handiena dutela aprobetxatuz ukenduak egiteko aitzakiak elkartzen gaitu. Hainbat herritarrek eta baita beste batzuetakoak ere, ez ukenduak bakarrik, baita kandelak, trozoko xaboia eta garbigailuarentzakoa ere egiten dugu. Elkarrekin eginez eta ikasiz, ezagutzak partekatuz, ahalduntzen gara eta lankidetza sustatu.

 

Abuztua

San Lorentzo eguneko afari-merienda

Ospakizuna · San Lorentzo egunaren (abuztuak 10) gertueneko igandea

San Lorentzo eguna

2014ko auzolanak ermitari eta bere inguruari eraldaketa baliotsua erantsi zion eta garai bateko festa eguna biziberritzeko desioa sortu. Azken urte hauetan, San Lorentzo egunaren hurrengo igandez, arratsaldeko 18.00etan meza izan da baselizan eta Itsasoko ostatuan afari-meriendarekin jarraipena eginez ospatu dugu. Gure oroimenean geratzen dira bertara taberna eraman eta soinuarekin dantza egiten ziren garaiak, eta XIX. mendean ezpata-dantza dantzatzen zenekoa.

Itsasoko San Bartolome jaietan herri afaria

Herriko jaiak · San Bartolome bezperan (abuztuak 23) hasi eta astebetez

Itsasoko jaiak

San Bartolome bezperatik hasi eta hurrengo igandera bitarte luzatzen dira herriko jai nagusiak abuztuan. Bost edo sei egunetan zehar, ia etenik gabe, egitarau zabala izaten da haur, gazte zein helduentzat gozagarri. Auzolanean antolatzen dira udan zehar itsasoarrak parte-hartzeko eta elkarrekin ospatzeko uneak. Herriminez eta jakin-minez, kanpoan diren hainbat eta hainbat itsasoar ere gure artean izaten ditugu egun horietan.

 

Iraila

Itsasoko Kizkitzako eguna

Ospakizuna · Irailak 8

Kizkitzako eguna

Irailaren 8a itsasoar eta inguruko askorentzat egun seinalatua izaten da. Familian edota lagun artean Kizkitzako ermitara goizean igo eta eguna igarotzeko urte askotako ohiturari eutsi zaio. Egun osoko egitarauak alaitzen du giroa: goizeko mezarekin hasi plaza betez, pintxoak, bazkaldu, erromeria, toka... eta iluntzean festak Itsason jarraitzen du trikitilariekin afalduz, plazako karpapean.

 

Urria

Elikagai ekologikoen azoka (Biolur)

Ekimena · Urriak 29

Nekazaritza ekologikoaren ate irekien jaia (Biolur)

Itsasok potentzialtasun handia izateaz gain, dagoeneko bada erreferente bat elikagai ekologikoen ekoizpenean. Bost baserrietan eredu garbi eta etiko honetan ekoizten dira barazkiak, frutak, ogia, sagar-zukua, behi eta txekor haragia. Ziurtagiri ekologikoa dute Hariztizabalek, Urteaga-Urkulegik, Mandubizarrek eta Goitik. Honela bada, Biolur Elkarteak bere Ate Irekien Jardunaldia egiteko leku ezin aproposagoa suertatu da eta herritarren eta bisitarien erantzuna bikaina.

Halloween eguna zaldiz (Ibur Hipika)

Ospakizuna · Halloween egunaren (urriak 31) gertueneko larunbata

Halloween eguna zaldiz

Ibur Hipikak ekimen berritzaile baten ekarpena egin dio Itsasori: urriaren amaieran Halloween zaldi gainean eta mozorroz jantzita bi ordutan zehar, arratsaldez, etxez etxe sorpresa giroa eskaintzea. Aurtengoa da bigarren aldia eta jarraipena izango du gerora ere. "Xanduli Manguli Kikirriki, eman gozokiak guri!"

 

Azaroa

Udazkeneko auzolana Alegian

Auzolana · Udazkena

Udazkeneko auzolana

Urtean bi auzolan egiten ditugu, bata udaberrian eta bestea udazkenean. Herriarentzat ospakizun bihurtzen dira, parte-hartze handiak dakarren poza. Herri Batzarrean lehentasunezko jotzen diren lanak burutzen goaz pixkanaka pixkanaka, asko baitaukagu egiteko. Azkenekoan 60 lagun elkartu ginen eta taldeetan banatuta 4 edo 5 guneetan hainbat lan gauzatu: Kizkitzan, Alegian, hirigunean, Itsusturrin, herri-bideetan... eta iluntzean afaria ostatuan.

Jubilatuen eguna Itsason

Ospakizuna · Azaroko hirugarren igandea

Erretiratuen ospakizuna

Azaroko hirugarren igandea izango da gure herriko helduenei omen egiteko eguna eta helburu honekin belaunaldi guztiak elkartzekoa ere. Garrantzi handia ematen diogu honi: belaunaldien arteko lotura sendotzeari, harreman katea estutzeari. Presentzia hori era askotara agertzen da egun honetan ere: txistulari eta dantzari gazteek erreberentziaz aurreskua dantzatzean, mahaiak zerbitzatzean, elkarren ondoan eseri eta kontuak esatean, altxatzeko besoa eskaintzean eta uneoro elkar begirunez tratatzean. Esker mila erakutsi diguzuen guztiagatik!

 

Abendua

Olentzero Itsasoko Ostatu sarreran jarrita

Ospakizuna · Abendu erdialdean

Olentzero jarri eta gaztaina jatea

Ezaguna da gure Olentzero! Aspalditik Ostatuko sarrera nagusian egin izan ditu abenduko hiru bat aste. Ospakizun polita izaten da Gabonak aurreko astean urtero denon artean belar fardoaren gainean dotore jartzea, mihura bilatzea, belar meta txukuntzea, abarkak eta pipa zuzentzea, zeramikazko aurpegia makilatzea... Eta batzuetan taloak, besteetan gaztainak, Gabon kanten lehen entseguen inguruan.

Gabon eskea kantuan Itsason

Ospakizuna · Abenduak 24

Gabon eskea kantuan

Azken hamabost urte hauetan pixkanaka-pixkanaka talde handia osatzen joan gara eta herriko etxe guztiak ditugu helmuga, urtez urte zabaltzen doana. Kantuaren helburua bikoitza da, alde batetik, denak bisitatuz elkarrekin egoteko egokiera izatea eta, bestetik, biltzen dugun guztia herrian bertan inbertitzea. Honela ahalbidetu izan dugu, besteak beste, auzolanetan behar izan ditugun materialak erostea, elkarrekin ospatzea edota ekimen kulturalak bultzatzea, berriro udala izan aurretik. Etxe guztietan eskaintzen zaigun eskuzabaltasuna eta harrera ezin hobea aitortu beharrezkoa dugu. Guztiok egiten diogu ekarpen bikaina herriari!