Visor de contenido web

Udal Batzordeak

Itsasoko Udaleko Batzordeak hiru lantaldetan daude banatuta: ekimen sozio-kulturalak, azpiegitura eta ingurumena eta komunikazioa, partaidetza eta gardentasuna. Batzorde hauek irekiak dira, beraz, nahi duzuen itsasoar guztiok parte hartzera gonbidatuta zaudete.

Segidan, Batzorde bakoitzaren lan-lerroak eta elkartzeko egutegia aurkituko dituzu, oro har hamabostetik behingoa izango dena (baina gerta liteke opor edo jai-egunengatik aldaketak izatea):

Komunikazioa, partaidetza eta gardentasuna

Asteartetan, 19:30etan elkartzen da hamabostean behin (Ekimen sozio-kulturalen Batzordearekin txandatuz) Itsasoko udaletxean.

  • Helburu nagusia: herritarrak udalaren kudeaketan eta erabakietan hurbiletik parte hartzeko aukera izan dezaten, komunikazioa bermatzea eta, dagokionean, zuzeneko Herri Batzarrak (ohikoak, hiruhilero) deitzea.
  • Jarduerak: komunikazio bideak landu, web orria eta sare sozialak eguneratua izan, herri batzarrak antolatu, komunikabideekin harremanak, artxibo historikoaren kudeaketa...
  • Arduradunak: Anttoni Okariz Gorrotxategi eta Olatz Iza Maiora

Ekimen sozio-kulturalak

Asteartetan, 19:00etan elkartzen da hamabostean behin (Komunikazio Batzordearekin txandatuz) Itsasoko udaletxean.

  • Helburu nagusia: herritar guztien arteko elkarbizitza positiboa bultzatzea, inklusioa, kultur aniztasuna, parekidetasuna, begirunea, euskararen normalizazioa, enplegu lokalari babesa, belaunaldien arteko kohesioa, elkar ezagutza..
  • Jarduerak: Urte osoko ekimenen aurreikuspena egitea eta horien lanketa, prestaketa eta antolaketa burutzea. Baita balorazioa ere, hobetzeko aurrerabideak kontuan hartzeko. Honako ekintzak hartzen ditu bere baitan: auzolanak, tailerrak, jaiak, hitzaldiak, azokak, irteerak...
  • Arduradunak: Olatz Iza Maiora eta Anttoni Okariz Gorrotxategi

Azpiegitura eta ingurumena

Asteazkenetan, 19:30etan elkartzen da hamabostean behin Itsasoko udaletxean.

  • Helburu nagusia: herri eremu osoan zehar azpiegiturak egiteko edo mantentzeko ingurumen irizpide estrategiko egokien azterketa eta arauetan jasotzeko kudeaketa gauzatzea.
  • Jarduerak: Udal zerbitzuak, eraikuntza publikoen irisgarritasuna eta optimizazioa, bideen mantentzea eta berritzeak, ur hornidura, konektibitatea, lurren kalifikazioak...
  • Arduradunak: Gorka Sasieta Barrenetxea eta Maria Isabel Olanga Zabala

 

Bestalde, Batzorde Kudeatzaileko kide guztiak hamabost egunean behin biltzen dira gestioaren jarraipena egiteko era honetan:

Gobernu Batzordea

Asteazkenetan, 18:00etan elkartzen da hamabostean behin Itsasoko udaletxean.

  • Arduraduna: Gorka Sasieta Barrenetxea

 

Udal Batzordeen bilera aktak

Ondorengo dokumentuetan, bi astean behin egindako Batzordeen bilkuretan landutako lan lerroak, hartutako erabakiak eta hurrengo hitzorduetarako emango diren aurrera-pausuak zehazten dira, baita hurrengo bilerarako eguna ere:

Publicador de contenidos
pdf
146.65 KB
23·05·2017
Ekimen sozio-kulturalen batzordean landutakoak: maiatzeko irteera, elizako erretaula, Katilu eguna, Alegiako festak, Itsasoko festak, Ekaineko gazteen kontzertua, San Juan bezpera, ukendu eta xaboi tailerrak eta Korrika; Azpiegitura eta ingurumen batzordeko gaiak: ekipamendu informatikoa, konektibitatea, seinaletika eta tabloia eta buzoiak; Komunikazio batzordean jorratutakoak: web orria, Google-maps eta Herri Batzarra.
pdf
154.42 KB
09·05·2017
Ekimen sozio-kulturalen batzordean landutakoak: Kizkitza auzolanaren balorazioa, elizako erretaula, Katilu eguna eta Nafarroako Itsasorako irteera; Azpiegitura eta ingurumen batzordeko gaiak: Udal ekipamendua, Goiko Ostatuko analisia egiteko proiektua, Ostatua-Udaletxea eraikina, Alegiako proiektua, txatarrerian ukuilu bat egiteko baimena, Ur Kontsortzioa eta HAPOak; Komunikazio batzordean jorratutakoak: etxeetako data basea egitea, tabloien kokalekua zehaztu, GPSezko lokalizazioen mapa nola burutu aztertzea, web orriaren hurrengo pausoak, hurrengo Batzarra prestatzea (ekainaren 3an) eta Goierri Telebista.
pdf
142.39 KB
25·04·2017
Ekimen sozio-kulturalen batzordean landutakoak: Kizkitzako auzolanaren bukaera ematea eta hurrengoa aurreikustea, Katilu egunetarako jarduerak eta antolaketa zehaztea, maiatzeko irteera prestatzea eta udaleku artistikoei buruzko hausnarketak konpartitu eta erabakiak hartzea; Azpiegitura eta ingurumen batzordeko gaiak: Udal ekipamenduarekin jarraitzea, Aldundiko teknikariek Ostatu eta Goiko Ostaturako egindako proposamenak aztertzea, Alegiako ranpa, parkea, frontoiko ordenantzak eta argiteria eta parrokiarekin hitzarmena; Komunikazio batzordean jorratutakoak: etxeetako data basea egitea eta tabloien kokalekua, GPSezko lokalizazioen mapa nola burutu aztertzea, web orriaren hurrengo pausoak ematea, artxibo historikoarekin jarraitzea, hurrengo Batzarra prestatzea eta Goierri Telebista eta Goierriko Hitzarekin lehen harremanak zehaztea.