Blog sarrerak:

Atzealdea

Nafarroako Itsasoarrekin topaketa

13
Nafarroako Itsasoarrak izan genituen atzokoan geurean eta ekitaldiz betetako egun batez gozatzeko aukera izan genuen, herrien arteko senidetzerako lotura sendoak sortuaz

2018·05·28


Azkeneko asteetako prestaketen ondoren, iritsi zen Nafarroako Itsasoarrak gurean izateko eguna. Goizean goizetik, hainbat itsasoar martxan jarri ginen dena prest izateko eta egun eder batetaz gozatzeko.

Goizeko 11ak aldera iritsi ziren nafarrak Mandubira eta handik, Kizkitzara bidean jarri ginen denak elkarrekin, gure baseliza erakutsi eta hamaiketakoa egiteko asmotan.

Nafarrak hain ohituta ez dauden maldan gora jarri genituen hamaiketakoa irabazi asmotan Kizkitzako kanpai hots artean.

Baselizan Kizkitzako Amari abestu eta derigorrezko argazkiak ateratzearekin batera, Mandubiko Bentakoek prestatutako patata tortila eta beste hainbat herriko produktu dastatu genituen (gazta, sagardo edo sagar zuku), brasan egindako txistorrarekin batera.

Lehen esfortzuari buelta emanda, Itsasora biden jarri ginen, orain bai maldan behera eta segituan ginen Itsasoko plazan.

Bertan, harrera ofiziala egin genien Nafarroatik etorritakoei aurreskua dantzatuz, Itsasoko alkate andrea Mari Jose Marinelarena eta Basaburukoa, Esther Lakasta buru zituztela.

Alkateen hitzaldien ondoren herriko gazteen itsas-dantza izan genuen eta nafarrek bertso hunkigarria oparitu ziguten, bai kantuz eta baita bi herrien armarriekin apaindutako koadroan ere.

Bazkaltzeko garaira arte, nafarrek osatutako txarangaz alaitu genuen herriko plaza (zenbat musikari hain herri txikian!!!). Atzokoan, Itsason baita Seat 600 autoen elkartaratzea zegoen eta haien iritsieraz gozatzeko aukera ere izan genuen.

Ondoren, denek elkarrekin, plazan jarritako karpan bazkaldu genuen, 160 lagunetik gora bildu ginelarik. Bazkalostean kantuan aritu ondoren, prestatutako ekintzekin jarraitzeko garaia iritsi zen eta gure Elizako Erretaula eta Pott Zeramika ezagutzeko aukera izan zuten.

Agur gisara Alegiko auzoko Zelai Ondo Elkartean askari txiki bat prestatua zegoen, Goitiko pastak gozatzeko baina berandu egin zitzaien eta Itsasotik zuzenean martxa egin zuten, hori bai, pastak beraiekin zeramazkitela eta goza zitzatela bueltako bidaian, hain egun ederra oparitu ziguten eta!

Adiskide ditugu dagoeneko eta azkena ez izateko hautua egin dugu. Dagoeneko bazkarian Itsaso desberdinak (Gipuzkoako, Nafarroako eta Iparraldeko Itsaso eta Itsasondo ere) senidetzeko ideia atera zen.

Ea horrelako topaketa bat gauzatzeko gai garen hurrengo urteetan!

 

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13