Web edukia bistaratu

Bisitarien gida 

Atal honetan, Itsasoko gune bakoitzean dituzun interesguneak, jatetxeak, komertzioak, aisialdi-ekintzak eta bestelako datu aipagarriak aurkituko dituzu. Gozatu Itsasoz!

Ongi etorri Itsasora

Itsason zaude, Gipuzkoako Goierri eskualdean. 165 biztanle inguruko herri honek 8,8km2 ditu azaleraz. Interesgune ugari jasotzeaz gain, ondarea bizi mantendu arazten duten hainbat ekimen indarrean ditu gaur egun. Jarraian dituzu herri gunean bisita ditzakezun hainbat proposamen.

Itsasoko gunearen planoa

Itsasoko Udaletxe berria

Ondarea

1. Itsasoko Udaletxe berria

1962an Udaletxe berria egin zen gaur egungo Ostatuaren goiko solairuan eta handik gutxira, Gipuzkoako beste herri batzuekin gertatu bezala, Francok 1964ko azaroan sinatutako dekretuz, Ezkiorekin batera udalerri bat osatzera behartua izan zen. Baina 2016ko Foru Dekretuak Itsasori berriro udalerri izaera aitortu eta harrez gero berriro Udala indarrean da eraikin honetan.

Itsasoko Ostatua

Ostalaritza

1. Itsasoko Ostatua

Ostatua Itsasoko gunean aurkitzen da, herriko plazan hain zuzen ere, ikusmira ederrez inguratuta. Leku berezian kokatuta egoteaz gain, jatetxe berezia ere bada: bertan, karta albora utzita, urtean zehar aldatuz doan menu barietatea aurkituko duzu, sukaldariaren kreatibitate nekaezinaren eta sasoiko produktuen fruitu.

Jarraitu irakurtzen

Itsasoko San Bartolome eliza

Ondarea

2. Itsasoko San Bartolome eliza

Elizak garai desberdinetako arte estilo gehienekin gozatzeko aukera ematen digu: 1300. urteko lehen gotikoa atarian, gotikoa eliz-atariko arkupetan, Juan de Lizarazuren eskultura eta Tomas de Oñateren polikromiak erretaula errenazentistan, barrokoa barne arkitekturan eta sakristian, eta inpresionismoa Pablo Urangaren margolanetan. Guztiek bere osotasunean armonia bikaina sortzen dute.

Jarraitu irakurtzen

Itsasoko Goiko Ostatua edo Kontzeju etxea

Ondarea

3. Goiko Ostatua edo Kontzeju Etxea

1461ean Gaztelako Enrike IVak eta 1476an Errege Katolikoek Areriako herriei (Itsaso, Arriaran, Lazkao eta Olaberria) eskumena eman zien euren alkatetza propioa izendatzeko, diru-arka izateko eta justizia kudeatzeko. Jauregi barroko hau izan zen Itsasoko Udaletxea 1962ra arte.

Itsasoko hilerriko gurutzea

Ondarea

4. Hilerriko gurutzea

“Kalbariotako” XII.a da eta Josetxo Zufiaurreren esanetan “de las más profusamente adornadas y de las mejor conservadas de todo Gipuzkoa” (JOSE ZUFIAURRE GOYA: Cruceros, cruces, picotas y santutxos en Gipuzkoa). Erliebean landua da, Kristoren nekaldiari dagozkion sinbolo guztiekin.

Jarraitu irakurtzen

Itsasoko Pott Keramika estudioa

Herriko enpresa jarduera

5. Pott Keramika estudioa

Estudio hau Maite Salutregik eta Jone Urainek 1992an sortu zuten eta ordudanik, eskuz egindako zeramika lantzen dute: ontzi erabilgarriak, oroigarri pertsonalizatuak, eskulturak... Plazatik metro gutxira dute kokatuta denda, eta ikastaroak ere eskaintzen dituzte, gaztetxo zein helduentzat.

Bisitatu eta ezagutu webgunea

Oria baserria

Ondarea

6. Oria baserria

Itsasok 80 baserri inguru ditu eta Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren katalogoetan Ondare historiko-artistiko izendapena jasotzen dutenak 10 baserri/eraikin zibil dira. Horien artean, bertantxe dugun Oria baserria.

Ezagutu herriko 10 baserri ondare

Itsasoko Goiti baserria - Okintza ekologikoa

Herriko enpresa jarduera

7. Goiti baserria · Okintza ekologikoa

Okintza ekologikoan dihardute Goitin duela 14 urtetik. Ale desberdinekin egiten dute ogia (zekalea, kamuta, espelta...) baita fruitu lehorrak dituzten opilak, esne-ogiak eta pasta goxoak ere.

Ezagutu herriko jarduera guztiak

Urkarriaren oinarria Itsasoko plazan

Ondarea

8. Urkaren oinarria

Elementu hauek adierazten digute, herri batzuk bazutela zibilean eta penalean eskumen aitortua eta administratiboki autonomia osoa: “Correspondió la picota a la condición de villas con vida municipal propia y autonomía administrativa; y fue desde un principio signo de jurisdicción penal” (F. Videgain Agós, Navarra 274). Cadiz-eko Gorteek 1811ko dekretuaz Udalei eskatu zieten urkak deusezteko, garai berrien adierazle.

Jarraitu irakurtzen

Itsasosko Itsusturriko aska

Ondarea

9. Itsusturriko aska

Txoko hau maitagarria zaigu itsasoarroi, darion freskotasun agortezina dela-eta. 1942an Goendegiko zozkerakoek honen beharra zutela eta eraikitzen hasi ziren, baina gainerakoen laguntza behar izan zutenez, herri osoarena izatera igaro zen. Gaur egun urtero auzolanean txukundu eta zaintzen dugu.

Itsasoko San Bartolome jaietan herri afaria

Herriko jaiak

Itsasoko jaiak

San Bartolome bezperatik hasi eta hurrengo igandera bitarte luzatzen dira herriko jai nagusiak abuztuan. Bost edo sei egunetan zehar, ia etenik gabe, egitarau zabala izaten da haur, gazte zein helduentzat gozagarri. Auzolanean antolatzen dira udan zehar itsasoarrak parte-hartzeko eta elkarrekin ospatzeko uneak: herri afaria, bertsoak, ume jolasak, kontzertuak, paella herrikoia, mendi bizikleta, herri kirolak, historia eta ondareari buruzko erakusketa eta hitzaldiak... Herriminez eta jakin-minez, kanpoan diren hainbat eta hainbat itsasoar ere gure artean izaten ditugu egun horietan: gure herri komunitate zabala.

Ezagutu herriko jai eta ekimen guztiak

Mandubiaren xarma

Itsasoko Mandubia gunea

Gunea

Mandubia gunea

Murumendi eta Kizkitza arteko mendilerroak lotzen dituen lepoan dago Mandubia. Itsaso udalerriaren barnean kokatzen da, nahiz eta Beasaingo (Astigarreta) mugatik hurbil izan. Lau haizeetara ikuspegi apartak dituen paraje hau betidanik izan da bide askoren ardatz eta baita elkargune oso esanguratsua ere, Bentak eskaini izan dituen taberna, jatetxe, erromeria, bolatoki, ferratoki eta gainerako zerbitzu guztiengatik jendetza erakarrita.

Mandubiko Benta

Ostalaritza

Mandubiko Benta

Mandubiko gainean dago kokatuta Berta, Beasaindik Azpeitiarako bidean, ikuspegi apartak lau haizeetara. Produktuen kalitatea eta sukaldatzeko esku ona ditu hizpide jatetxe honek, aurreko belaunaldiengandik datorren esperientziatik jasoak. Izan ere, duela 200 urtetik gora hasi ziren sukaldeak martxan benta honetan.

Jarraitu irakurtzen

Mandubizelaia trikuharria

Ondarea

Mandubizelaia trikuharria

Historiaurrearen lekukotza, Brontze Aroko Kristo aurreko II. milurteko hilerria. Joxean Mujikaren (Geografia-Historia Fakultatea, EHU) zuzendaritzapean, hiru udatan (1998-2000) indusketa lanetan jardun zuen lantalde handi batek eta horren emaitza da jarraian doan ikerketa lanari buruzko dokumentazioa.

Jarraitu irakurtzen

Garikoitz Aiesta Etxaniz - GoiekoHaragia - Itsaso

Herriko enpresa jarduera

Mandubi-Zahar · Haragi ekologikoa

Goiekoharagiaren partaideek behi eta txahal haragi ekologikoa ekoizten dute; Garikoitzen kasuan, Mandubi gaineko larreetan, 2013az geroztik ekologikoan. 5 kiloko loteen salmenta zuzena eskaintzen dute. Aurretik harremanetan jarrita eskura liteke eta ez da maiztasun konpromisorik eskatzen.

Ezagutu herriko jarduera guztiak

Kizkitza, Itsasoko argia

Itsasoko Kizkitzako baseliza

Ondarea

Kizkitza tontorra eta baseliza

Kizkitzako gaina Itsasok duen mendirik garaiena da, 664 metrorekin. Aipagarria da Kizkitzako ermita 1622an eraikia izan zela eta garrantzia handia izan duela historian zehar. Gainera, Kizkitzak badu argi berezi bat, itsaso zabaletik 25 kilometrotara egon arren: barneko itsasargia, biziki zaintzen duguna, gauero argia egin diezagun.

Jarraitu irakurtzen

Itsasoko Kizkitzako eguna

Jaia

Kizkitzako eguna

Ospakizunen artean berezia da nola bizi dugun irailaren 8an Kizkitzako eguna. Ez bakarrik herrikook, baita beste hainbat tokietakoek ere. Familian edota lagun artean Kizkitzako ermitara goizean igo eta eguna igarotzeko urte askotako ohiturari eutsi zaio. Batzuk egun osorako, goizeko mezarekin hasi plaza betez, pintxoak, bazkaldu, erromeria, toka... Beste batzuk ordu batzuetarako, joan etorria, gora eta behera, handia izaten baita egun osoan zehar. Iluntzean festak Itsason jarraitzen du trikitilariekin afalduz, plazako karpapean. Zinez zaintzen dugu Kizkitzak ematen digun argia!

Ezagutu herriko jai eta ekimen guztiak

Urteaga, XVI.mendeko ondarea

Urteaga baserria

Ondarea

Urteaga baserria

XVI. mendeko zurezko ondare arkitektoniko hau izen bereko mendi-lepoan kokatzen da, Aizpuru eta Arrobizabal mendien artean, Itsaso eta Arriaranen arteko herri-mugan, hain juxtu ere. Mendi-lepo hau leku estrategikoa izan da historian zehar, bertatik igarotzen baitziren Segura-Azpeitia Juzgadu-bidea, Itsaso-Arriaran herribidea eta Eztalalderako herribidea. Gogoratu behar da Arriaran Itsasoko Udalaren parte izan zela bi mende eta erdi luzeetan, 1927. urtean Beasaingo udalerrira elkartzea erabaki zuen arte. Honengatik, hainbat herri-mugarrietan Arriaran aldeko sailek Itsasoko Y hizkia mantentzen dute zizelkatuta. Gaur egun bide hau Gizateriaren Ondare katalogatua dago, Gipuzkoako barne aldeko Done Jakue bidearen trazatuagatik. Donostia-Arantzazu GR-34 ibilbideak ere bat egiten du Itsasori dagokion luzera guztian: Mandubiko Bentatik Ormaiztegiko Araneraino. Oinezko askorentzat Kizkitza izaten da jomuga, edota Mandubia, Itsaso… Aralar eta Aizkorri mendikateen artean.

Gorka Sasieta Barrenetxea

Herriko enpresa jarduera

Urteaga-Urkulegi · Elikagai ekologikoak

Elikagai ekologikoen ekoizpenean dihardu Gorkak: asteroko barazki otarrak urte osoan zehar, indaba, askotariko frutak (lehorrak eta txikiak barne), sagar zukua, marmeladak eta txekor haragia loteetan (Goiekoharagia) eskaintzen ditu.

Ezagutu herriko jarduera guztiak

San Lorentzo baseliza

Itsasoko San Lorentzo ermita

Ondarea

San Lorentzo baseliza

Eraikuntza errektangularra du, lau isuriko egur mardulezko teilatuarekin. Aldarea harrizkoa da, Arriarango apaiz etxetik Eztalagoitiko Domingok traktorean ekarria, eta eusten dioten bi harriak, Atingoena baserriko zutabeen oinarriak izan ziren bere garaian.

Jarraitu irakurtzen

San Lorentzo eguna

Ospakizuna

San Lorentzo eguna

2014ko auzolanak ermitari eta bere inguruari eraldaketa baliotsua erantsi zion eta garai bateko festa eguna biziberritzeko desioa sortu. Azken urte hauetan, San Lorentzo egunaren hurrengo igandez, arratsaldeko 18.00etan meza izan da baselizan eta Itsasoko ostatuan afari-meriendarekin jarraipena eginez ospatu dugu. Gure oroimenean geratzen dira bertara taberna eraman eta soinuarekin dantza egiten ziren garaiak, eta XIX. mendean ezpata-dantza dantzatzen zenekoa.

Ezagutu herriko jai eta ekimen guztiak

Alegia auzoa

Alegia auzoa bi ibairen gurutza-lekutik 3 aldeetara hedatzen da: Itsasorantz, Ormaiztegirantz eta Gabiriarantz. Hala ere, hiru herrietako mugarria dagoen zubiak ez ditu auzokideak banatzen, elkartzen baino, osotasun bat eskainiz. Jarraian bertan aurki ditzakezun interesgune batzuk dituzu.

Azken hamarkada hauetan gune berria sortzen joan da: frontoia, parkea (Pott Keramikan gaztetxoek egindako irudi biziekin) eta Zelai-Ondo Elkartea, 1976an sortu zenetik, Alegia auzorako erreferentzia gune dena, bertako dinamika sozialari eusteko eta baita festa zein beste edozein jarduera garatzerakoan eskaintzen duen laguntzagatik ere.

Itsasoko Alegia auzoko interesguneak

Itsasoko Alegia auzoko frontoia

Udal-ekipamendua

Frontoia

Herriko frontoia Alegia auzoan dago kokatuta. Itsasok duen udal kirol ekipamendu estali bakarra denez, udalerrian bertan ditugun ekimenek lehentasuna izango dute, baina herritik kanpoko heldu zein txikiek ere kirol jarduerez gozatzeko leku aparta da.

Jarraitu irakurtzen

Itsasoko Alegia auzoko jolastokia

Udal-ekipamendua

Jolastokia eta komun publikoak

Alegia auzoko jolastokia frontoiaren eta elkartearen artean dago kokatuta. 2018an berritu zen, komun publikoak eraikitzearekin batera. Urte bereko udalekuetan herriko gaztetxoek Pott keramika estudioan sortutako irudiekin apaindua dago.

Itsasoko Alegia auzoko Zelaio-ondo elkartea

Elkartea

Zelai-ondo elkartea

Zelai ondo elkartea Alegia auzoan dago kokatuta, frontoiaren eta haur jolastokiaren ondoan. 60 kide inguru ditu elkarte kultural eta gastronomiko honek. Alegia auzorako erreferentzia gune bat da, bertako dinamika sozialari eusteko eta baita festa zein beste edozein jarduera garatzerakoan eskaintzen duen laguntzagatik ere.

Jarraitu irakurtzen

Itsasoko Alegia auzoko Madalena eliza

Ondarea

Alegiako Madalena eliza

Alegiako Madalena Eliza 1609an azaltzen da lehen aldiz dokumentatua (garai hartan ermita zena). Baina lehenagokoa da, XVI. mendekoa baitira hormen beheko zatia eta erdi-puntuko arkua duen portada, ur bedeinkatu ontzia eta Madalenaren taila zaharra ere.

Jarraitu irakurtzen

Ibur Hipika Kluba

Herriko enpresa jarduerak

Ibur Hipika Kluba

Zaldien mundua ezagutarazi eta zaldien bidez natura eta gu geu ezagutzen laguntzea da hipika klub honen helburua; horretarako klaseak, irteerak, jolasak, lehiaketatxoak, ginkanak, udalekuak, egonaldiak, txangoak,... antolatzen dituzte.

Bisitatu Ibur hipikaren webgunea

Itsaskan txakur zaindegia Itsason

Txakur zaindegia

Itsaskan

Txakur zaindegi honek instalazio zabal eta modernoak eskaintzen ditu, zure txakurrak behar duen garbitasuna eta lasaitasuna bermatzeko. Gainera, inguru zoragarrian dago kokatuta, Itsaskan-en egiten duen egonaldia atsegina eta dibertigarria izan dadin.

Bisitatu Itsaskanen webgunea

Madalena jaiak Itsasoko Alegia auzoan

Jaia

Madalena jaiak Alegian

Alegia auzoa osatzen duten itsasoarrek, gabiriarrek eta ormaiztegiarrek parte hartzen dute bi egunetako egitaraua antolatzen eta hainbat ekintza finkatu ere egin dira, arrakasta handia lortzen baitute. Hala nola, sagardo dastaketa, dantza erakustaldia, oilasko afaria, Joselu Anaiak, herri-afaria... Uztaileko giro epelean inguruko askorentzat ezinbesteko topaleku!

Ezagutu herriko jai eta ekimen guztiak

Erdi aroko elementuak Alegian

Zabalgune guzti honek gaur egun oraindik ere, Erdi Aroan jauretxeek zituzten elementu gehienak igartzeko aukera ematen dute: Jauregi, Eliza (lehen ermita txikia izan zena), Gartziandegi (erromesen ospitale), Ostatuzahar, Miranda, Errota-Errementari, Butro, Armaindegi eta urka, Aroztegi, Agirre… Elizak XVI. mendekoak ditu hormen beheko zatia eta erdi-puntuko arkua duen portada, ur bedeinkatu ontzia eta baita Madalenaren taila zaharra ere.

Itsasoko Alegia auzoko planoan erdi aroko elementuak

Zozabarrotxiki, Iparragirreren lekukotza

Industria ingurune hau 60ko hamarkada hasieran Iberduerok Zentrala egiteko erosi zuen arte, toki esanguratsua izan zen, Ormazitegitik Zumarraga aldera zihoan errepide ondoan baitzegoen eta Mandubira eta Gabirialdera zihoazen herribide zaharrek ere gurutzatzen baitzuten.

Itzain, garraiolari eta ibiltari askoren geraleku zen Zozabarrotxiki taberna eta gertu zituen Itsasoko hainbat errota jarduera ere: Uribar, Zabalegi eta Orue, besteak beste. Zozabarrotxikik gerora ere, bizitza sozial handia hartu zuen bere baitan, bolatoki eta bolari ospetsuak tarteko: Ugarteburutarrak.

Zentrala egin aurretik zumea ekoizten zen lur sail osoan, garai hartan beste hainbat lurretan bezalaxe.

Jose Mari Iparragirre Jose Mari Iparragirre. Iturria: guregipuzkoa.eus

Itsasoko Zozabarrotxiki baserria Itsasoko Zozabarrotxiki baserria. Iturria: guregipuzkoa.eus

Baina leku honek aparteko aipamena merezi du, Jose Mari Iparragirre (Urretxu, 1820ko abuztuaren 12a – Itsaso, 1881eko apirilaren 6a) olerkari, euskal abeslari eta musikagileak bere azken urteak etxe honetan ostatu hartuz igaro baitzituen eta bertan hil. Honengatik, bertan, bere oroigarria jasotzen da.

Ezagutu beste gune bat