Noticias
Atrás Itsasoko festetan 2 asteburu bizi
30·08·2019
Bi asteburutan banatu diren festei, abuztuak 23 ostirala eman zitzaien hasiera, Mus txapelketa eta azken urteetan ohikoa den bezala, festetako lehen egunean egiten den Eliz Atariko Pilota express txapelketarekin. Lehiatuak joan ziren bi probak eta azkenean, irabazleak gustora herriko produktuez osatutako sariarekin.
Herri afaria izan zen ondoren indarrak berreskuratzeko, Herriko Ostatuko Aida eta Manuren eskutik. Afari goxoa dastatu eta gero, Maialen Arzallus eta Arkaitz Allurrek osatzen duten Jundajo taldearekin kantaldi eta dantza saioa.
Indar berriturik, larunbatez, San Bartolome eguna genuen aurretik. Goizean, meza nagusia eta herriko ondareari buruzko hitzaldi interesgarria. Oraingoan,Itsason izan diren 5 errotei buruzko azalpenak eman zizkiguten Anttoni Okariz eta Pilare Muxikak. Ordu berean, Herriko Produktuetan dugun aukera ezagutze aldera, herriko ekoizle eta artisauek beraien produktuekin gauzatutako merkatu txikiaren inguruan jende andana bildu zen.
Arratsaldean berriz, umeen txanda. Herriko gazteek prestaturiko Altxorraren bila aritu ziren jo eta su.
Afaltzeko Zahagi ardoa eta goizalderarte Alaikik benetan alaitu zuen musika saioarekin gozatu genuen.
Igandean Hilerriko meza eta ondoren Toka txapelketa. Eta aratsaldean berriz aurtengo festetako berrikuntzetako bat, Rita antzezlana Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolazaren eskutik. Jende ugari bildu zen Itsasoko plazan eta Itsasoko puntu guztietatik entzun izango ziren han izandako barre eta algarak.
Astebeteko atsedenaren ondoren, berriro ere kirolari eman behar bigarren asteburuan. Larunbat arratsez XIX. Iñaxio Larrañaga mendi bizikleta trabesia. Aurten gainera, ibilbidea zertxobait aldaturik, Alegi, Itsaso, Kizkitza eta Atxurtza inguruko paisaietan barneratu ziren txirrindulariak.
Azken txirrindulariak iristerako, lanean ari ziren Paella lehiaketako partehartzaileak. Aurtengoan 13 bikote inguratu ziren paella sukaldatzera.
Karpa bete jendek dastatu ahal izan zituen bertan prestatutako paellak eta Segan taldearen emanaldiarekin amaitu ziren aurtengo jaiak.
Kizkitzako egunez izango du festak jarraipena datorren igandean!