Noticias
Atrás Koldo Mitxelenan Itsasoko Erretaulari buruzko hitzaldia
16·05·2018
Arratsaldeko 17,30etan autobusa hartu eta Donostiako Koldo Mitxelena Aretora abiatu ginen hainbat itsasoar, Gipuzkoako foru Aldundiaren Ondare Sailak prestatutako programaren barnean, Itsasoko Erretaulari buruzko hitzaldia entzuteko asmoz. Bertan, Pedro Etxeberria Goñi Artean Doktoreak, Elizako Erretaulari buruzko ikerketa lana eman zuen ezagutzera.
Ikusmina zegoen hitzaldiaren inguruan eta 30 bat itsasoar gerturatu ginen Donostiara.
Itsasoko Elizako erretaula nagusia 1.545. urtekoa da eta Foru Aldundiak emandako dirulaguntza baten bitartez duela gutxi zaharberritua izan da. Zaharberritze prozesuan parte hartu zuten Pedro Etxeberria ikerketa historikoko arduradunak eta Dolores Sanz Zaharberritze lanen zuzendariak parte hartu zuten hitzaldian.
Beraien bitartez jakin genuen Itsasoko Erretaula errenazimendurako transizioko obra oso garrantzitsua dela eta bere egilea, Juan de Lizarazu, artista nabarmena izan zela garai horretan Gaztelako Gortean eta Burgoseko katedralean eta beste hainbat tokitan daudela ikusgai bere lanak.
Honela, Erretaularen egileak izan ziren Juan de Lizarazu eta Tomas de Oñate garai hartako artista gorenak zirela eta Erretaularen balio artistikoa aitortu zen.
Pedro Etxeberriaren ikerketaren bitartez Juan de Lizarazuk penintsula guztian izan zuen garrantzia eta eragina eman zen ezagutzera.
Xehetasun handiz aletu zituzten erretaulak dituen irudi, taila eta pintura guztiak eta Itsasoarren gozamenerako, Artxibo desberdinetan aurkitutako garai hartako hainbat herriko pasarte ezagutu ahal izan genituen.
Gustora itzuli ginen Itsaso aldera pasatako arratsaldearekin eta baita gure Ondarearen ezagutza hobearekin, eta nola ez, gure Ondarearen balioa azpimarratu eta bere zabalkundean lana egiteko gogotsu.