22 bolalekuen aztarnak
22 bolalekuen aztarnak
Itsasoko ondare txikiaren ikerketa eta katalogazioari bolaleku edo bolatokiekin ekin diogu. Zergatik? Sekulako jakinmina sortu zitzaigulako orain bizpahiru urte Kizkitzako egunean, mahaiaren inguruan bazkaltzen ari zirenen artean, errenkadan bata bestearen atzean bolatoki askoren izenak bota zituztenean eta mahaia estaltzeko paperezko mantelean idatzi genituenean. Harriduraz galdetzen genien: hainbeste? benetan?
Guretzat aurkikuntza bat izan zen bolatea hain zabaldua zela jakitea… eta 2016an etxez etxe galdetu eta 22en aztarnak topatu genituen. Ikaragarria denontzat. Norberak herriko ezagunenak jakiteaz gain bere etxe ingurukoak baitakizki.
Herri guztia dantzan jarri eta Itsasoko festetan bi aurkezpen ekitaldi eskaini genituen Mendeungo Anttoni Okariz Gorrotxategik, Egiluzeberriko Jose Ramon Aranburu Iztuetak eta Urteagako Pilare Muxikak. Ekitaldi horietatik testigantza gehiago eta ikerketa zabalagoak eratorri ziren eta udazkenean amaitutzat eman bagenuen ere, gerta liteke beste aztarnaren bat agertzea. Hori horrela ematen bada, honi erantsita doan lana berrikusi eta eguneratuko dugu.
Bolatoki bakoitzari fitxa bat egin diogu bere kokalekua, egoera eta hainbat datu bilduz. Lan hau testigantzak eman dizkigutenei eta herriko etxe guztietakoei urte amaierarako banatuko genuen. Eta beste edonork ere hemen du aukera:
Deskargatu dokumentua
Bola jokoa eta bolalekuak Itsason [pdf]
Pilare Muxika Lopetegi eta Anttoni Okariz Gorrotxategik 2016an Itsasoko bolalekuen inguruan egindako ikerketa lanaren emaitza.
Hona hemen bolatokiak ezagutu edota bola jokoan ikusle izan edota bolatan jardundakoen testigantza emale izan ditugunak. Gure esker ona guztiei.
- Albitsubeheko Prontxio Mujika
- Alustizaeneako Pablo Gómez
- Armaindegiko Maria Luisa Irastorza
- Astigarretako Otegiko Joxe Arrospide
- Atingoenako Esteban Mendia
- Atinzabalgo Zoilo eta Ramon Albisu
- Atsusaingo Maria Goitia, Matias Arza eta Bittori Garcia
- Beitiko Joxe eta Joxe Ramon Barrenetxea eta Genara Toledo
- Egiluzeko Maria, Isaac eta Juan Mari Aldanondo
- Egiluzeberriko Joxe Ramon Aranburu eta Maria Jesus Aldanondo
- Egizabalgo Antonio Zufiria
- Erraztiko Agustin Albisu
- Goeneko Migel Arzelus
- Goiko Ostatuko Juani Izagirre eta Erraztiko Kaio Iraeta
- Iburko Joxe Angel Badiola
- Intxaurzelaietako Jose Luis Irastorza
- Kamioetxeberriko Juan Zufiria
- Kattaindiko Martin Telleria
- Kortako Leandro Lizarazu
- Mandubiko Bentako Presen Lasa
- Mandubizaharreko Juanito eta Rosa Etxaniz
- Mendeungo Jexux Okariz
- Oriako Joxepa Usabiaga eta Ixa Atienza
- Orueko Juanita, Malen, Juan Mari eta Feli Gorrotxategi
- Sarriegiko Juan Mari Arzelus
- Uribarko Joxe Osinalde eta Miren Etxeberria
- Urkulegiko Joxe Agustin eta Mari Karmen Barrenetxea
- Urteagako Joxe eta Maxi Mujika
- Zozabarrotxikiko Joxe Antonio Ugarteburu
- Zabalegiko Pako, Juantxo eta Martin Etxeberria eta Lurdes Maiz
Testigantza guzti horiez gain, toponimia, argazkiak, material aztarnak, 1954ko ortofotoetako ebidentziak… eskura izan ditugu Itsasok izan zituen 22 bolatokiren aztarnak identifikatu ahal izateko.
Argazkirik garrantzitsuena Mandubiko bentan, 1926an, ateratako hau, Mandubiko Bentakoek eta Mandubizaharrekoek eskainia. Bertan bolatoki estaliaz gain, bola sorbaldara altxatuta Mandubizaharreko Joxe Antonio agertzen zaigu.
Ezkerretik eskuinera: ezezaguna, ezezaguna, Joxe Agustin Etxaniz (Kamiñoenekoa), ezezaguna; Joxepa Aretxabaleta Intsausti 1914-2000 (Mandubi-zaharrekoa); Presentación Lizarazu (Mandubiko bentakoen amona, Martin “Exkerra”ren ama); apaiza (ezezaguna); Joxe Inazio Intsausti (Astigarretako Otegikoa); Martin Makazaga “Ministroa” (Dorronsotegikoa); Felipe Mujika (Mandubiko bentakoa , mando gainean); Joxe Lasa Mujika “Exkerra”(Mandubiko bentakoa); Joxe Antonio Aretxabaleta (Mandubi zaharrekoa , herriko alkate izandakoa) eta Astigarretako apaiza.
Goiko Ostatuko egurrezko bolea
Materialaren artean Goiko Ostatuko bolea izan da protagonista berezia. Jasota dute bertako familia izandako Izagirretarrek eta Itsasoko aurkezpenean esku artean gozo ibili zuten gaztetan berarekin jokoan ibiliak zirenak.
Oraindik oso egoera onean, nahiz 50 urte inguru izango dituen geldirik.
Bolatokiren bat berpizteko gogoa ere egin zaigu askori. Zeinek daki! Hainbat herritan hasia da indartzen berriro ere...