24 karobiren aztarnak

24 karobiren aztarnak

Iritsi da 2020ko uda ere eta honekin batera Itsasoko ondarearen azterlan berri baten aukera.

Aurten hautatu dugun elementua Karobia izan da, karobi-zuloek hainbeste urte itzalita daramatenez beldur baikinen haien oroimena ere oso galdua ote zegoen, baina ez da horrela izan kasu gehienetan eta zer nolako poza: 24 karobiren aztarnak jaso ditugu. Espero genituen aurkikuntzen kopuruetatik oso gaindik eta baita herritar askoren inplikazio mailagatik ere. Mila mila esker.

 

Anttoni eta Pilare Egizabalgo karobianAnttoni eta Pilare Egizabalgo karobian

 

Esan behar dugu, hauek direla gaurko egunera arte Itsason bildutakoak, baina katalogo hau irekita geratzen dela besteren baten berri izanez gero jasoa izan dadin.

Eta urtero bezala, hainbat oharpen erantsi dizkiogu etxez etxe jasotako datuetan oinarrituta, Itsason ditugun karobien ondarearen lekuko izan eta beraiei buruzko ezagutza areagotzeaz gain, balioan jarri eta baita ahal den neurrian akuilu izatea ere nahi baitugu, kontserbatzeko neurriak har baititzakegu  guztiok:

  • Norbanakoaren etxekoei eta datozenei hauen berri ematea (izen toponimikoak “Karobialde, Karobizulo…” mantendu eta tokiaren berri zehatza partekatu).
  • Hilabete honetan zehar kasu batzuetan ingurua garbitu eta karobiak bistan jarri dira. Ederra litzateke honela mantentzeko ahalegina egiten jarraitzea.
  • Udalak herri-bideen inguruetan daudenak seinalizatzea, Epeldekoa bezalaxe.
  • Pinudiak eta basoak botatzerakoan zaintza berezia izatea, batik bat, oraindik oso egoera onean daudenak ez daitezen kaltetu (Egizabalgoa, esaterako).
  • Eta gaur edo bihar aukera balitz, karobietakoren bat errekuperatzea bere osotasunean.

Hau honela, herritar guztien ekarpenekin josia, jarraian doa orain artean biltzeko gauza izan garena. Edozein informazio berri dugula, aberasten edo egokitzen joango gara karobiei buruzko txosten hau.

 

 

Deskargatu dokumentua

Karobien aztarnak Itsason [pdf]

Pilare Muxika Lopetegi eta Anttoni Okariz Gorrotxategik 2020an Itsasoko karobien inguruan egindako ikerketa lanaren emaitza.

 

Itsaso, 2020 abuztua