Auzolana

Auzolana

Historikoki, bideak egitea, sagar bilketa eta auzokoen arteko hainbat nekazal-elkarlanez gain, Itsason oso erreferentzialak izan dira auzolanean burututako eraikin eta azpiegitura batzuk: XX. mendean zehar, Kizkitzako ermita (1934ean eta, ondoren, 1960-64 inguruan berreraikiz), ur publikoaren ekarrera San Lorentzo aldetik, Itsusturriko aska, hilerria eta plazako apaizetxea, esate baterako.

Azken 50 urte hauetan, berriz, bizirik mantendu dira hainbat egitura: bideren kontserbazioan, herritar guztion parte-hartzea ondare erlijiosoaren mantenuan, festen antolaketan, herri-bide batzuen garbiketan... Azpimarragarria ere, 1996an Kizkitzako mahai, erretegi eta erretilaren berrikuntzan, 2008an Itsaso-Altzigarraga bide garbiketan, Kizkitzako pagadian landaketa berrietan...  izandako parte-hartzea.

Gaur egun, Itsason bi auzolan (udaberrikoa eta udazkenekoa) sistematikoki burutzen ditugu urtero.
Egitura hau finkatzera 2013an iritsi ginen, auzolanaren kulturaren inguruko hausnarketa orokor bat egin ondoren. Izan ere, geure herrian bizirik mantendu izan den kontzeptua, galtzera edo belaunaldi helduenena soilik izatera pasa aurretik, garrantzitsutzat jo genuen historikoki zer izan den aztertzea eta balioan jarriz, gaurkotzea eta sistematizatzea.

Auzolana Itsasoko Alegia auzoko eliza ingurua txukuntzen 2014an Auzolanean Alegia auzoko eliza ingurua txukuntzen 2014an

Auzolana Itsasoko Itsusturriko aska txukuntzen 2014an Auzolanean Itsusturriko aska txukuntzen 2014an

Auzolana Itsasoko San Lorentzo ermita txukuntzen 2014an Auzolanaean San Lorentzo ermita txukuntzen 2014an

Auzolana Itsasoko Kizkitza ermita txukuntzen 2015ean Auzolanean Kizkitza baselizaren inguruak txukuntzen 2015ean

Auzolan hauetan, 40-60 lagunek parte hartzen dugu, aurretik Herri Batzarrean herritarrek proposatutako hainbat jarduera herriko eremu desberdinetan taldeka aurrera eramanez. Larunbat arratsaldeetan burutzen ditugu eta herriko ostatuan amaitu elkarrekin afalduz.

Herri Batzarra Itsasoko Alegia auzoko elkartean 2017an Herri bilera Alegiako elkartean

Herri Batzarra Itsasoko elizako koruazpian 2017an Herri Batzarra Itsasoko elizako koruazpian

Honek guztiak aurre lanketa bat eskatzen du: arduradun, material eta baliabideena eta baita egun amaierako ospakizunarena ere. Materialen gastuaz Udala arduratzen da eta herritarrok denbora eta ezagutza eskaintzen diogu lan kolektibo honi.

Itsason auzolanera abiatu aurretik materiala prestatzen Auzolanera abiatu aurretik materiala prestatzen

2017ko udaberriko Kizkitzako auzolanaren ondoren merienda-afaria egiten Itsasoko Ostatuan 2017ko udaberriko Kizkitzako auzolanaren ondoren merienda-afaria egiten Itsasoko Ostatuan

Honetara iristeko, aipatu behar dugu, beste herri txiki batzuekin ere partekatu genuela gure esperientzia. Bateratze hark ikuspegia zabaltzeko balio izan zigun eta beste ereduetatik geurea aberasteko: esanahia, irizpideak, balioak...

  • Auzolana ulertzea komunitate batean bizitzeagatik dugun ezinbesteko konpromiso moral gisa. Lehen (eta oraindik kasu batzuetan), derrigorrezkoa zen eta isuna zuen parte hartzen ez zuenak.
  • Auzolanaren kontzeptua asko zabal liteke. Aitzurraz edo palaz egiten den lan fisikotik haratago, herriko festak bolondreski antolatzeari ere auzolan deitzea, esate baterako. Edo herri-kiroletan parte-hartzeari, edo musika-ekitaldi bat antolatzeari… herriari ordu batzuk eskaintzeari, nolabait esateko, auzolan deitzea. Herri barneko elkarteetan ere ardurak etxe guztiek txandaka betetzea (parrokia batzordean, bide-batzordeetan...)
  • Herrigintzan eta elkartasunean sakontzen da. Inork ez du dudarik. Beste helburu asko ere garatzen dira: ahalduntzea norbera eta kolektibo gisa, guztiona denaren sentimendua areagotzea (horrek zaintzeko ardura dakar), elkarrekin egindakoaren poztasuna eta gogobetetasuna...

 

Kizkitzako auzolana ETB-n

Kizkitzan beti ikusten ditugu hobetu ditzakegun alderdiak. Hain goian kokatua dagoen eraikuntza batek mantenu lan ugari izan ohi ditu eta, bestalde, hain bisitatua izateak ere, erosotasun eta zerbitzu aldetik erne egotea eskatzen du.

Horregatik, urteak joan eta etorri, hainbat eta hainbat auzolan egin dira tontor honetan.

2016ko maiatzaren 28koa, ordea, berezia izan zen. Izan ere, koordinazio eta prestaketa lan ugariren ostean, irailean EITBk aireratu zuen programa berri baten atal bat Kizkitzan grabatu zen.

Itsasoarrok aurreikusia geneukan udaberriko auzolana gauzatzeko aukera desberdin bat eskaini zitzaigun eta besteetan baino konplexuagoa izan bazen ere, pozgarria izan zen amaierako sentsazio partekatua. Geure arteko lankidetza giroa eta EITBkoekin izan genuena ere arrastoa uzten duenetakoa izan zen.

Kizkitza EITB-ko Auzolan programan

Kizkitza EITB-ko Auzolan programan Gaztañazpirekin

Grabaketak bezperan goizean goiz hasi ziren, hainbat herritarrekin aurreko asteetan egon ondoren, euren gidoiari erantzuten zioten lekuak, lanbideak, ardurak, pertsonak… topatu eta zehaztu ondoren.

35 lagun inguru elkartu ginen eta sei lan-taldeetan banatu, beste hainbeste lan eremu zehaztu, eta baita bakoitzerako ardurak ere: koordinatzailea, material arduraduna, eginkizun zehatzena, laguntzaileak...

Ikusi EITB-ko Auzolan saioa