Kizkitza

Kizkitza

Kizkitzako gaina Itsasok duen mendirik garaiena da, 664 metrorekin; bertan dagoen baseliza 1622an eraikia izan zen. Aipagarria da Itsasoar eta inguru zabaleko beste askorentzat Kizkitzako gain honek duen esanahia aparta, belaunaldiz belaunaldi jasoa eta hurrengoei erakutsia.

Itsasoko Kizkitza tontorreko baseliza

Oso maitatua den tontor eta baseliza hau, auzolanaren ikur ere bada, 1959an baseliza suak erabat hondatu ondoren, itsasoarrek 1962an berriro auzolanean eraiki baitzuten. Ordundik lan ugari egin dira eraikina eta inguruak egoera onean mantentu eta bisitarien gozagarri izateko.

Kizkitzako eguna irailaren 8an ospatzen da, egun seinalatua bai itsasoarrentzat baita inguruko askorentzat ere. Eguna aurrera joan ahala jendetza ugaritzen joaten da, egun osoko egitarauaz gozatuz.

Kizkitzako baseliza

Itsaso zabalera begira

Kizkitzako baseliza, izen bereko Itsasoko mendi tontorrean dago kokatua. Bere ezaugarriengatik kostaldeko ermita dirudi, nahiz eta 664 metroko garaieran eta itsasertzetik zuzenean 24 kilometrora egon. Jarraitu esteka kokaleku zehatza ezagutzeko.

Itsasoko Kizkitza tontorreko baseliza 3D mapanIturburua: Google Maps

 

Bilakaera

1622. urtean eraiki zen, baina 1959ko abenduaren 28an baseliza suak erabat desegin zuen.

Itsasoko Kizkitza baseliza eraiki berritan

Itsasoko Kizkitza baseliza suak erabat hondatuta 1959an

Kizkitzako baseliza eraiki eta urte gutxira eta, alboan, 1959ko suteak erabat hondatuta.

Itsasoarrek 1962an berriro auzolanean eraberritu zutenean itsasontzi-itxura eman zioten Kizkitza gainari. Baselizaren aurrealdeko plazatxoak popa irudikatzen du; atzealdekoak, berriz, branka. Mastila ere tinko jarria izan zen, puntan itsasargia zuela.

Aldi berean, Arrosarioko amabirjinaren irudia jarri zen, Eusebio Igartzak eginiko egurrezko itsasontzi baten gainean. Goikoetxeko Jose Izak hainbat artelan gehitu zizkion, baita aingura bat ere. Elementu hauek, marinel-itxurako dekorazio berezia osatzen dute.

Itsasoko Kizkitzako baselizaren barrualdean, altareaKizkitzako baselizaren barrualdean, altarea.

Itsasoko Kizkitzako amabirjina Eusebio Igartzak eginiko egurrezko itsasontzianKizkitzako ama Eusebio Igartzak eginiko egurrezko itsasontzian

Itsasoko Kizkitzako baselizaren barrualdean, Jose Izaren egurrezko artelanakBaselizaren barrualdean, Jose Izaren egurrezko artelanak

Kizkitzako baselizaren barrualdean, Jose Izaren egurrezko ainguraAltarearen gainean, Jose Izaren egurrezko aingura

Egun berean, Laura Estevek atzeko paretako margolana ere osatu zuen zuri-beltzean.

Ia 40 urte beranduago, 1996an, Kizkitzan auzolanean lan handiak egin ziren: erreteila, kanpoko mahaiak, erretegia eta baita barnea margotu ere. Laura Esteveren margolanak baseliza barrualdeko atzealdeko pareta osoa hartzen zuenez, margolaria bera bilatzea erabaki genuen; eta baita aurkitu ere, Donostian, bere arte eskola eta erakusketak.

Hala, Laura Esteve (Donostia, 1939) ezagutzeko aukera izan genuen. Itsasora etorri zen berriro ere, urduri eta hunkituta, bere bi ikaslerekin. Kikitzara igo eta denbora luze egon zen bere lanari begira.

Itsasoko Kizkitza tontorreko baseliza barnean dagoen margolana (Laura Esteve)

Itsasoko Kizkitza tontorreko baseliza barnean dagoen margolana (Laura Esteve)

Egun osoa lanean jardun eta zuri-beltzean zegoena, koloreztatuta utzi zuen. "Laura Esteve y CIA 96" sinatu zuen. Itsasoko Ostatuan otordu batekin eskertu geneun bere ekarpena.

Jakin gehiago artista interesgarri honi buruz.

 

Kizkitza gaur egun

Paseoan gerturatu eta inguruez gozatzeko leku aparta da tontor hau. Azken auzolanei esker, bizi-bizi dago Kizkitza, eta egunero izaten ditu bisitariak.

Itsasoko Kizkitza tontorreko baseliza

Itsasoko Kizkitza tontorreko baselizaren atzealdea

Badago aukera eramandako hamaiketakoa mahaian eserita jateko ere; ermitak berak dituen tranpaletan edo baselizaren aurrealdean zein pagadian dauden mahaietan.

Itsasoko Kizkitza tontorreko baselizako tranpalea

Itsasoko Kizkitza tontorreko pagadian mahaiak

Izan ere, pago ederrak dauzka ermitak mendebaldean. Gainera, badirudi baseliza honen inguruko basoetako egurra itsasontziak egiteko erabiltzen zutela eta ontzigile haiek izan zirela itsasargia bertan jarri zutenak.

Itsasoko Kizkitza tontorreko pagadia

Itsasoko Kizkitza tontorreko pagadia

Erretegi eta guzti dago hornituta, otordu beroren bat prestatu nahi duenarentzat. Baina gogoratu inguru hauek txukun mantentzea denon ardura dela; errespetatu eremua eta aurkitu bezain ondo utzi.

Itsasoko Kizkitza tontorreko erretegia

Kizkitza garbi egotea denon ardura dela gogorarazten digun kartela

Jubileo perpetuo Kizkitzako kofradia sortu zutenei

2017an, 250 urte bete dira Kizkitzako kofradia sortu zutenei, aurrekoei eta ondorengoei, Clemente XIII Aita Sainduak 1767an jubileo perpetuo agindu ziela: betirako zoriona. Garai hartan, izugarritako lorpena izan zen Erromatik bueltan honelako grazia lortzea. Badakigu agiri hori Itsasoko Goiko Kontzejuko Udaletxe sarreran nabarmen paretan jarrita egon zela 1962ra arte (udaletxea oraingo Ostatu gainera eraman zen arte).

Jubileo perpetuo Kizkitzako kofradia sortu zutenei

Barneko itsasargia Kizkitzako tontorrean

Kizkitza Itsasoko argia da, eta hori bi ikuspegitatik: alde batetik, Itsasoko herrian dagoen faro edo itsasargia delako; eta bestetik, Kantauri itsasoan dabiltzan ontzientzat egiten duelako argi. Baina, kontuz, ez pentsa Itsaso herriak hortik hartu duenik izena, “isats” landaretik datorkiola dirudi-eta.

Itsasoko Kizkitza tontorreko itsasargia piztuta Kizkitza tontorreko itsasargia piztuta

Itsasoko Kizkitza tontorreko itsasargia itzalita Kizkitza tontorreko itsasargia itzalita

Badirudi baseliza honen inguruko basoetako egurra itsasontziak egiteko erabiltzen zutela eta ontzigile haiek izan zirela itsasargia bertan jarri zutenak. Hala ere, egungo itsasargia Tarifako portutik ekarri zen 1962an. Linterna hau Parisen izan zen egina 1904ean.

Orain ezagutzen dugun Kizkitza gaina itsasuntzi baten egituran oinarrituta diseinatu zen 1934ean; atzealdeko plazak brankaren forma hartzen du, eta bertan dago itsasargia, mastaren tokian tinko.

2016eko maiatzeko auzolanerako Itsasoko Pott Keramika estudioak egindako zeramikazko plaka honetan ikus daiteke zein norabidetan geratzen den Kantauri Itsasoa. Baselizaren atzealdean dago kokatuta, itsasoari begira.

Itsasoko Pott Keramika estudioak Kizkitzarako egindako zeramikazko mapa

Itsasoko Pott Keramika estudioak Kizkitzarako egindako zeramikazko mapan Kizkitza eta Itsaso

Itsasoko Pott Keramika estudioak Kizkitzarako egindako zeramikazko mapan Kantauri itsasoa

Itsasargia biziki zaintzen dugu, gauero argia egin diezagun.

Itsasoko Kizkitza tontorreko itsasargia piztuta

Itsasoko Kizkitza tontorreko itsasargia itzalita

Kizkitzako eguna: irailaren 8a

Irailaren 8a itsasoar eta inguruko askorentzat egun seinalatua izaten da. Familian edota lagun artean Kizkitzako ermitara goizean igo eta eguna igarotzeko urte askotako ohiturari eutsi zaio; badira egun honetan lehen aldiz bertaratzen direnak ere. Egun osoko egitaraua izaten da urtero.

Kizkitza eguna 1991 ItsasonKizkitza eguna ospatzen 1991an

Kizkitza eguna 2017 ItsasonKizkitza eguna ospatzen 2017an

Goizean hasten da jaia, tontorrera igo eta, indarrak berritzeko, egun honetarako martxan izaten den erretegian zein tabernan mokadutxo bat hartuz; 12etan, meza oso jendetsua izaten da, eguraldia lagun bada, kanpoko zelaian ospatzen dena. Segidan erromeriari ematen zaio hasiera, egun osoan zehar luzatzen dena.

Dantzara hainbat lagun animatzen da eta plazan etengabe jardun. Arratsaldeko toka hasi zain eta ikusmiran ere jendea pilatzen da: 50 lagunetik gora botatzen eta segidan, fardo jaurtiketa indarrak gorde dituztenentzat.

Kizkitza eguneko meza ItsasonKizkitza eguneko meza kanpoko zelaian

Erromerian dantzan Kizkitza egunean ItsasonErromerian dantzan jai giroan

Kizkitza egunean erromeria Mandubiko BentanMandubiko bentan ere trikitilariak

Jendetza toka jokalariei begira Kizkitza egunean ItsasonJendetza toka jokalariei begira

Bitartean, Mandubiko Bentan ere festa, jendea gora eta behera etengabe ibiltzen baita egun honetan. Bazkal orduan jendea lepo jangelatan eta atarian erromeria trikitiarekin.

Festa ez da iluntzearekin bukatzen. Itsason plazako karpapean jarraitzen du jaiak, afari eta trikitilariekin batera. Ehun lagun inguru elkartu ohi dira kantu eta kontu, gauerdira arte. Giro ederra soinu alaien artean!

Auzolana

Kizkitzan beti ikusten ditugu hobetu ditzakegun alderdiak. Hain goian kokatua dagoen eraikuntza batek mantenimendu lan ugari izan ohi ditu eta, bestalde, hain bisitatua izateak ere, erosotasun eta zerbitzu aldetik erne egotea eskatzen du.

Horregatik, urteak joan eta etorri, hainbat eta hainbat auzolan egin dira tontor honetan.

2016ko maiatzaren 28koa, ordea, berezia izan zen. Izan ere, koordinazio eta prestaketa lan ugariren ostean, irailean EITBk aireratu zuen programa berri baten atal bat Kizkitzan grabatu zen.

Itsasoarrok aurreikusia geneukan udaberriko auzolana gauzatzeko aukera desberdin bat eskaini zitzaigun eta besteetan baino konplexuagoa izan bazen ere, pozgarria izan zen amaierako sentsazio partekatua. Geure arteko lankidetza giroa eta EITBkoekin izan genuena ere arrastoa uzten duenetakoa izan zen.

Kizkitza EITB-ko Auzolan programan

Kizkitza EITB-ko Auzolan programan Gaztañazpirekin

Grabaketak bezperan goizean goiz hasi ziren, hainbat herritarrekin aurreko asteetan egon ondoren, euren gidoiari erantzuten zioten lekuak, lanbideak, ardurak, pertsonak… topatu eta zehaztu ondoren.

35 lagun inguru elkartu ginen eta sei lan-taldeetan banatu, beste hainbeste lan eremu zehaztu, eta baita bakoitzerako ardurak ere: koordinatzailea, material arduraduna, eginkizun zehatzena, laguntzaileak...

Ikusi EITB-ko Auzolan saioa