Blog sarrerak:

Atzealdea Alegiko jaiak giro onean ospatu dira

19
Ostiraletik igandera ospatu dira Madalena jaiak. Hainbat ekintza izan dira auzotarren eta ingurutik etorritakoen gozamenerako.

2018·07·23


Madalena jaietan murgilduta izan gara alegitarrak eta baita itsasoar guztiak aurreko ostiraletik igandera arte.

Ostiralean, dagoeneko klasikoa bihurtzen ari den egitaraua izan genuen: sagardo festa, hainbat pintxoz lagundurik, Dantzakiko dantzarien emanaldia, oilasko jana eta Joselu Anaiak-en emanaldia.

Eguraldia oso lagun izan ez bazen ere, nahiko jende bildu zen sagardo festara. Ondoren, dantzaldiaren ikuskizuna hasterako, jendea zai zegoen frontoian eta azkeneko sagardoak edatearekin batera hasi ziren dantzariak beraien emanaldiarekin.

Oilasko afarira ere jende ugari geratu zen eta Joselu Anaiaken musikarekin ere nahiko jende izan zen dantzan plazan. Ausartenak, Joseluren ikuskizuna bukatu eta ordu txikiak arte izan ziren elkartean, datorren urtera begira apustuak tarteko...

Larunbatean berriro plaza eta frontoia txukundu eta Paella prestatzeko ingurua erabaki zen. Arratsaldeko 6etatik aurrera Itsasoko Ostatuko aida eta Manu izan genituen lanean, sua prestatu eta paella erraldoia egiten.

Iluntzeko 9etarako prest zegoen paella eta momentu kritikoena izan genuen, paella frontoiraino eramateko grua teleskopikoan jasotzeko unea. Eskerrak Juankarren abileziari, denak paella goxoaz gozatu ahal izan genuen. Parrillada eta postre ondoren, gin tonic eta kubata dastaketa izan zen eta DJ Gorrotxaren kantuen artean, berriro ere, nahiz eta indarrak xahututa izan, goizeko 4ak alderarte aritu zen jendea dantzan.

Igandean, Madalena eguna, festetako egun nagusia. Goizean, Meza nagusia izan genuen, Ezkio eta Itsasoko koruak lagundurik. Elizatik irten ahala, herriko gazteen agurra Aurreskua dantzatuaz eta hamaiketakoa frontoian bertan.

Arratsaldean berriz, umeentzako unea. Gaztelu erraldoi eta zezen mekanikoan ibiltzera hainbat ume inguratu zen. Askaria ere izan zuten eta opariak denentzat.

Festei amaiera emateko, berriro ere jaten amaitu behar, nola ez, eta Itsasoko Ostatukoen eskutik, Ardo eta Pintxo dastaketa izan genuen, DJ Gorrotxaren musikarekin alaituaz.

Festei amaiera polita eman zitzaien, denak kantuan besarkaturik!

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19