Blog sarrerak:

Atzealdea Aurtengo San Bartolome festak joan dira...

21
Ostegunetik igandera ospatu ditugu San Bartolomeak. Kizkitzako egunarekin amaituko dira aurtengo jaiak Irailaren 8an.

2018·08·29


Itsasoko jaiak

San Bartolomeak ospatu ditugu itsason ostegunetik igandera. Ekitaldiz betetako festak izan dira eta hainbat motatakoak gainera: kirola, musika, gastronomia edo erakusketetarako aukera izan du gerturatu den orok.

Festetako “txupinazoa”

Ostegunean hasi ziren festak ohikoa den bezala, Pilota Express txapelketarekin. Hala ere, aurretik hain ohikoa ez den pregoia izan genuen elizatarian, apustu bat medio, zerura botatako suziri artean. Hurrengo urteetarako ere instituzionalizatu egin beharko da pregoia programaren barruan, beraz, joan daitezela prestatzen pregoilariak!

Pilota partidu entretenigarriak ikusi ahal izan ziren eliz atariko lurzoru gorabeheratxuan, bai gaztetxo eta baita helduen mailan ere. Arratsaldeko 8ak aldera izan genituen finalak eta jarraian Herri Afarirako tartea izan genuen Itsasoko Ostatukoen eskutik, trikitilari eta bertsolariek alaiturik.

Bertsolarien lehenengo geldialdiarekin batera, jendeak mugitzeko aprobetxatu zuen eta bertsolariek geratu zirenei ilea hartzeko probestu zuten momentua. Lehen eguna izaki, indarrak zituztenak Ostatuan amaitu zuten dantzan goizalderarte.

San bartolome eguna

Indarrak gorde beharra zeuden ordea, biharamunean San bartolome eguna zen eta, festetako egun haundia. Meza Nagusia eta hamaiketakoaren ondoren, Fermin Leizaolaren hitzaldi hunkigarria izan genuen, Miguel Usabiaga zenaren omenez, bere familiaren presentziarekin. Artzantzak azken 50 urteetan izan dituen aldaketak jorratu zituen Ferminek hitzaldian eta Miguelen artzaintza garaiak gogoratu zituen argazki eta familiak utzitako tresnen bitartez.

Bazkari legearen ondoren, Umeen momentua iritsi zen. Lehenik, herriko gazteek prestatutako Altxorraren bila jolasean aritu ziren buru belarri eta ondoren, Potxin eta Patxin pailazoekin barre algaraka.

Ondoren afaria Zahagi ardoa dastatu nahi zuten guztiekin eta gazteen eguneko momentua iritsi zen: Sukarra 37ren kontzertua. Kontzertu motza baina bizia eman zuten, entzule guztien gozamenerako.

Inaxio Larrañaga BTT Trabesia

Larunbatean, Kirolerako tartea berriro. 15,30etatik aurrera martxan jarri ziren probako boluntario guztiak eta 16,30etan eman zitzaion hasiera XVII. MENDIKO BIZIKLETA TRABESIA INAXIO LARRAÑAGA MEMORIALAri.

50etik gora txirrindulari gerturatu ziren 23 kilometroko luzera duen proba aldapatsura. Eguraldiak lagundu zuen eta nekatuta baina gustora iritsi ziren partaide guztiak helmugara, bertan prestatutako anoa postuan indarberritzera. Herriko gazteenek ere izan zuten proban parte hartzeko aukera, zaharrenak proba luzean eta gazteenak berriz, beraientzat prestatutako 11 kilometroko zirkuituan.

15,30etatik aurrera baita ere, Mus Txapelketa martxan izan zen Itsasoko plazan eta aurkeztu ziren 15 bikoteak ia arratsaldeko 7ak arte aritu ziren lehian.

Eta hortik Itsason ohikoa den beste lehiaketa batetara: Paella lehiaketa herrikoia. Hor ere, 13 bikote izan ziren lehian. Izan ere, kirol proba eta lehiaketa guztietan Pott Keramikako oroigarriak eta Herriko Produktuekin egindako saskiak zeuden jokoan eta opari preziatua izaki, jendea bere onenak ematen aritu zen.

Azkenean urrutira joan gabe, Ostatu inguruan geratu zen saria baina esan beharra dago, paella guztiak zeudela bikainak eta Euskal Untxiarekin batera, afari oparoa geratu zela.

Festetako azken kontzertua izan genuen jarraian, “JundaJo” emanaldia Maddalen Arzallusen eta Harkaitz Allurren eskutik. Dantza egiteaz gain, oholtza gainean kantari laguntzeko aukera ere izan zuten ausartenek.

Handia Pelikula

Eta horrela, dagoeneko festetako azken egunean murgilduta geunden. Gure artean ez daudenak gogoratzeko Kanposantuko meza ospatu eta “Itsaso airetik, 1955” erakusketa izan genuen jarraian, herriak azken 60 urteetan izan dituen aldaketak ikusgai. Hamaiketakoaren amaierarekin batera, Toka Lehiaketa izan genuen jarraian, nork txapa hots gehiago atera lehian.

Arratsaldean, festei amaiera ezinhobea emateko, Handia pelikula izan genuen ikusgai. Herriko hainbat lekutan grabatu ziren hainbat eszena, herriko partaideak ere bazirelarik aktoreen artean. Elizako Koru azpian inprobisatutako zinema aretora inguratu zen herritar ugari, batzuk pelikula lehen aldiz ikustearren eta besteak berriz, orain arte kontuan hartu gabeko xehetasunen bila, Itsasoko herriko tokiak non ageriko edo herritarren bat ezagutuko bere paperean.

Giro ederrean joan dira aurtengo San Bartolomeak eta dagoeneko, gutxiago geratzen da hurrengo urtekoetarako!!!! Bitartean, Kizkitzako eguna daukagu egutegiaren bueltan, festa giroan jarraitzeko!

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21