Blog sarrerak:
Atzealdea Korrikaren asteburu oparoa
2019·04·15
Esan bezala, astebukaera oparoa izan da antolatutako ekintzetan:
Larunbat goizean zen lehenengo topalekua: Alegiko elkartean 8,30h-etan elkartu eta Korrika eta ondorengo gosarirako prestaketak egin ondoren, Irizarreko rotondaraino gerturatu ginen lekukoa hartzera.
Aurten, Ormaiztegi aldetik iristen zen Korrika eta Uribar pareraino iristea zen helburu, bertan Gabirikoei emateko lekukoa.
Lekuko eramaile gisa, Willis familiako 2 partaide izan genituen, Seth eta David. Estatu Batuetatik etorritako bostkotea euskara ikasten ari da Udalak antolatutako ikastaroan eta gainontzeko herritarrek esker ona eta animoak helarazi izan nahi genizkien aukera honen bitartez. Hunkituta korri egin zuten bai biek ala biek eta ohorea izan zela beraientzat adierazi zuten amaieran.
Korrikako indarrak berreskuratzeko herriko produktuekin osatutako gosari oparoa izan zen ondoren Zelai Ondo Elkartean: Goitiko ogia eta pastak, Urteagako sagar-zuku eta mermeladak, Albitxuko eztia, Uribarreko gazta, Atxusaingo kiwi eta sagarrak, Amburen yogur eta esnekiak...ez zen ezer falta izan mahai inguruan.
Izan ere, arratsalderako indarrak berreskuratu beharra zeuden, Udaberriko Auzolana genuen eta. Itsasoko plazan berriro 14:30etan elkartu eta taldeetan banatu ondoren, guztiak lanera.
Nagusiki, ondorengoak ziren helburuak: Itsaso-Kizkitza-Mandubia eta itsaso-Alegi-itsaso ibilbideak markatzea eta bertako inguruak txukuntzea; herriko lorategiak ere berritzea eta Ostatuko etxebizitza margotzea.
Lanak luze joan ziren eta eguna berriro ere mahaiaren inguruan amaitu genuen, Aida eta Manuk Itsasoko Ostatuan prestatutako afari goxoa dastatzen.
Indar guztiak xahutu ez zituztenak, hurrengo egunean zuten berriro hitzordua: Apirileko mendi irteera zen eta Mendaro inguruak ezagutzeko aukera izan zuten oraingoan.Mendaro bertatik abiatu eta Gaintxipia (626m), Garallutz (575m) eta Sosoten izan ziren, berriro Mendaron amaituaz.
Astebukaera luze honetako argazkiak dituzue egindako guztia gogoratzeko...