Bisitarien gida
Atal honetan, Itsasoko gune bakoitzean dituzun interesguneak, jatetxeak, komertzioak, aisialdi-ekintzak eta bestelako datu aipagarriak aurkituko dituzu. Gozatu Itsasoz!
Ongi etorri Itsasora
Itsason zaude, Gipuzkoako Goierri eskualdean. 165 biztanle inguruko herri honek 8,8km2 ditu azaleraz. Interesgune ugari jasotzeaz gain, ondarea bizi mantendu arazten duten hainbat ekimen indarrean ditu gaur egun. Jarraian dituzu herri gunean bisita ditzakezun hainbat proposamen.
Ondarea
1. Itsasoko Udaletxe berria
1962an Udaletxe berria egin zen gaur egungo Ostatuaren goiko solairuan eta handik gutxira, Gipuzkoako beste herri batzuekin gertatu bezala, Francok 1964ko azaroan sinatutako dekretuz, Ezkiorekin batera udalerri bat osatzera behartua izan zen. Baina 2016ko Foru Dekretuak Itsasori berriro udalerri izaera aitortu eta harrez gero berriro Udala indarrean da eraikin honetan.
Ostalaritza
1. Itsasoko Ostatua
Ostatua Itsasoko gunean aurkitzen da, herriko plazan hain zuzen ere, ikusmira ederrez inguratuta. Leku berezian kokatuta egoteaz gain, jatetxe berezia ere bada: bertan, karta albora utzita, urtean zehar aldatuz doan menu barietatea aurkituko duzu, sukaldariaren kreatibitate nekaezinaren eta sasoiko produktuen fruitu.
Ondarea
2. Itsasoko San Bartolome eliza
Elizak garai desberdinetako arte estilo gehienekin gozatzeko aukera ematen digu: 1300. urteko lehen gotikoa atarian, gotikoa eliz-atariko arkupetan, Juan de Lizarazuren eskultura eta Tomas de Oñateren polikromiak erretaula errenazentistan, barrokoa barne arkitekturan eta sakristian, eta inpresionismoa Pablo Urangaren margolanetan. Guztiek bere osotasunean armonia bikaina sortzen dute.
Ondarea
3. Goiko Ostatua edo Kontzeju Etxea
1461ean Gaztelako Enrike IVak eta 1476an Errege Katolikoek Areriako herriei (Itsaso, Arriaran, Lazkao eta Olaberria) eskumena eman zien euren alkatetza propioa izendatzeko, diru-arka izateko eta justizia kudeatzeko. Jauregi barroko hau izan zen Itsasoko Udaletxea 1962ra arte.
Ondarea
4. Hilerriko gurutzea
“Kalbariotako” XII.a da eta Josetxo Zufiaurreren esanetan “de las más profusamente adornadas y de las mejor conservadas de todo Gipuzkoa” (JOSE ZUFIAURRE GOYA: Cruceros, cruces, picotas y santutxos en Gipuzkoa). Erliebean landua da, Kristoren nekaldiari dagozkion sinbolo guztiekin.
Herriko enpresa jarduera
5. Pott Keramika estudioa
Estudio hau Maite Salutregik eta Jone Urainek 1992an sortu zuten eta ordudanik, eskuz egindako zeramika lantzen dute: ontzi erabilgarriak, oroigarri pertsonalizatuak, eskulturak... Plazatik metro gutxira dute kokatuta denda, eta ikastaroak ere eskaintzen dituzte, gaztetxo zein helduentzat.
Ondarea
6. Oria baserria
Itsasok 80 baserri inguru ditu eta Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren katalogoetan Ondare historiko-artistiko izendapena jasotzen dutenak 10 baserri/eraikin zibil dira. Horien artean, bertantxe dugun Oria baserria.
Herriko enpresa jarduera
7. Goiti baserria · Okintza ekologikoa
Okintza ekologikoan dihardute Goitin duela 14 urtetik. Ale desberdinekin egiten dute ogia (zekalea, kamuta, espelta...) baita fruitu lehorrak dituzten opilak, esne-ogiak eta pasta goxoak ere.
Ondarea
8. Urkaren oinarria
Elementu hauek adierazten digute, herri batzuk bazutela zibilean eta penalean eskumen aitortua eta administratiboki autonomia osoa: “Correspondió la picota a la condición de villas con vida municipal propia y autonomía administrativa; y fue desde un principio signo de jurisdicción penal” (F. Videgain Agós, Navarra 274). Cadiz-eko Gorteek 1811ko dekretuaz Udalei eskatu zieten urkak deusezteko, garai berrien adierazle.
Ondarea
9. Itsusturriko aska
Txoko hau maitagarria zaigu itsasoarroi, darion freskotasun agortezina dela-eta. 1942an Goendegiko zozkerakoek honen beharra zutela eta eraikitzen hasi ziren, baina gainerakoen laguntza behar izan zutenez, herri osoarena izatera igaro zen. Gaur egun urtero auzolanean txukundu eta zaintzen dugu.
Herriko jaiak
Itsasoko jaiak
San Bartolome bezperatik hasi eta hurrengo igandera bitarte luzatzen dira herriko jai nagusiak abuztuan. Bost edo sei egunetan zehar, ia etenik gabe, egitarau zabala izaten da haur, gazte zein helduentzat gozagarri. Auzolanean antolatzen dira udan zehar itsasoarrak parte-hartzeko eta elkarrekin ospatzeko uneak: herri afaria, bertsoak, ume jolasak, kontzertuak, paella herrikoia, mendi bizikleta, herri kirolak, historia eta ondareari buruzko erakusketa eta hitzaldiak... Herriminez eta jakin-minez, kanpoan diren hainbat eta hainbat itsasoar ere gure artean izaten ditugu egun horietan: gure herri komunitate zabala.
Mandubiaren xarma
Gunea
Mandubia gunea
Murumendi eta Kizkitza arteko mendilerroak lotzen dituen lepoan dago Mandubia. Itsaso udalerriaren barnean kokatzen da, nahiz eta Beasaingo (Astigarreta) mugatik hurbil izan. Lau haizeetara ikuspegi apartak dituen paraje hau betidanik izan da bide askoren ardatz eta baita elkargune oso esanguratsua ere, Bentak eskaini izan dituen taberna, jatetxe, erromeria, bolatoki, ferratoki eta gainerako zerbitzu guztiengatik jendetza erakarrita.
Ostalaritza
Mandubiko Benta
Mandubiko gainean dago kokatuta Berta, Beasaindik Azpeitiarako bidean, ikuspegi apartak lau haizeetara. Produktuen kalitatea eta sukaldatzeko esku ona ditu hizpide jatetxe honek, aurreko belaunaldiengandik datorren esperientziatik jasoak. Izan ere, duela 200 urtetik gora hasi ziren sukaldeak martxan benta honetan.
Ondarea
Mandubizelaia trikuharria
Historiaurrearen lekukotza, Brontze Aroko Kristo aurreko II. milurteko hilerria. Joxean Mujikaren (Geografia-Historia Fakultatea, EHU) zuzendaritzapean, hiru udatan (1998-2000) indusketa lanetan jardun zuen lantalde handi batek eta horren emaitza da jarraian doan ikerketa lanari buruzko dokumentazioa.
Herriko enpresa jarduera
Mandubi-Zahar · Haragi ekologikoa
Goiekoharagiaren partaideek behi eta txahal haragi ekologikoa ekoizten dute; Garikoitzen kasuan, Mandubi gaineko larreetan, 2013az geroztik ekologikoan. 5 kiloko loteen salmenta zuzena eskaintzen dute. Aurretik harremanetan jarrita eskura liteke eta ez da maiztasun konpromisorik eskatzen.
Kizkitza, Itsasoko argia
Ondarea
Kizkitza tontorra eta baseliza
Kizkitzako gaina Itsasok duen mendirik garaiena da, 664 metrorekin. Aipagarria da Kizkitzako ermita 1622an eraikia izan zela eta garrantzia handia izan duela historian zehar. Gainera, Kizkitzak badu argi berezi bat, itsaso zabaletik 25 kilometrotara egon arren: barneko itsasargia, biziki zaintzen duguna, gauero argia egin diezagun.
Jaia
Kizkitzako eguna
Ospakizunen artean berezia da nola bizi dugun irailaren 8an Kizkitzako eguna. Ez bakarrik herrikook, baita beste hainbat tokietakoek ere. Familian edota lagun artean Kizkitzako ermitara goizean igo eta eguna igarotzeko urte askotako ohiturari eutsi zaio. Batzuk egun osorako, goizeko mezarekin hasi plaza betez, pintxoak, bazkaldu, erromeria, toka... Beste batzuk ordu batzuetarako, joan etorria, gora eta behera, handia izaten baita egun osoan zehar. Iluntzean festak Itsason jarraitzen du trikitilariekin afalduz, plazako karpapean. Zinez zaintzen dugu Kizkitzak ematen digun argia!
Urteaga, XVI.mendeko ondarea
Ondarea
Urteaga baserria
XVI. mendeko zurezko ondare arkitektoniko hau izen bereko mendi-lepoan kokatzen da, Aizpuru eta Arrobizabal mendien artean, Itsaso eta Arriaranen arteko herri-mugan, hain juxtu ere. Mendi-lepo hau leku estrategikoa izan da historian zehar, bertatik igarotzen baitziren Segura-Azpeitia Juzgadu-bidea, Itsaso-Arriaran herribidea eta Eztalalderako herribidea. Gogoratu behar da Arriaran Itsasoko Udalaren parte izan zela bi mende eta erdi luzeetan, 1927. urtean Beasaingo udalerrira elkartzea erabaki zuen arte. Honengatik, hainbat herri-mugarrietan Arriaran aldeko sailek Itsasoko Y hizkia mantentzen dute zizelkatuta. Gaur egun bide hau Gizateriaren Ondare katalogatua dago, Gipuzkoako barne aldeko Done Jakue bidearen trazatuagatik. Donostia-Arantzazu GR-34 ibilbideak ere bat egiten du Itsasori dagokion luzera guztian: Mandubiko Bentatik Ormaiztegiko Araneraino. Oinezko askorentzat Kizkitza izaten da jomuga, edota Mandubia, Itsaso… Aralar eta Aizkorri mendikateen artean.
Herriko enpresa jarduera
Urteaga-Urkulegi · Elikagai ekologikoak
Elikagai ekologikoen ekoizpenean dihardu Gorkak: asteroko barazki otarrak urte osoan zehar, indaba, askotariko frutak (lehorrak eta txikiak barne), sagar zukua, marmeladak eta txekor haragia loteetan (Goiekoharagia) eskaintzen ditu.
San Lorentzo baseliza
Ondarea
San Lorentzo baseliza
Eraikuntza errektangularra du, lau isuriko egur mardulezko teilatuarekin. Aldarea harrizkoa da, Arriarango apaiz etxetik Eztalagoitiko Domingok traktorean ekarria, eta eusten dioten bi harriak, Atingoena baserriko zutabeen oinarriak izan ziren bere garaian.
Ospakizuna
San Lorentzo eguna
2014ko auzolanak ermitari eta bere inguruari eraldaketa baliotsua erantsi zion eta garai bateko festa eguna biziberritzeko desioa sortu. Azken urte hauetan, San Lorentzo egunaren hurrengo igandez, arratsaldeko 18.00etan meza izan da baselizan eta Itsasoko ostatuan afari-meriendarekin jarraipena eginez ospatu dugu. Gure oroimenean geratzen dira bertara taberna eraman eta soinuarekin dantza egiten ziren garaiak, eta XIX. mendean ezpata-dantza dantzatzen zenekoa.
Alegia auzoa
Alegia auzoa bi ibairen gurutza-lekutik 3 aldeetara hedatzen da: Itsasorantz, Ormaiztegirantz eta Gabiriarantz. Hala ere, hiru herrietako mugarria dagoen zubiak ez ditu auzokideak banatzen, elkartzen baino, osotasun bat eskainiz. Jarraian bertan aurki ditzakezun interesgune batzuk dituzu.
Azken hamarkada hauetan gune berria sortzen joan da: frontoia, parkea (Pott Keramikan gaztetxoek egindako irudi biziekin) eta Zelai-Ondo Elkartea, 1976an sortu zenetik, Alegia auzorako erreferentzia gune dena, bertako dinamika sozialari eusteko eta baita festa zein beste edozein jarduera garatzerakoan eskaintzen duen laguntzagatik ere.
Udal-ekipamendua
Frontoia
Herriko frontoia Alegia auzoan dago kokatuta. Itsasok duen udal kirol ekipamendu estali bakarra denez, udalerrian bertan ditugun ekimenek lehentasuna izango dute, baina herritik kanpoko heldu zein txikiek ere kirol jarduerez gozatzeko leku aparta da.
Udal-ekipamendua
Jolastokia eta komun publikoak
Alegia auzoko jolastokia frontoiaren eta elkartearen artean dago kokatuta. 2018an berritu zen, komun publikoak eraikitzearekin batera. Urte bereko udalekuetan herriko gaztetxoek Pott keramika estudioan sortutako irudiekin apaindua dago.
Elkartea
Zelai-ondo elkartea
Zelai ondo elkartea Alegia auzoan dago kokatuta, frontoiaren eta haur jolastokiaren ondoan. 60 kide inguru ditu elkarte kultural eta gastronomiko honek. Alegia auzorako erreferentzia gune bat da, bertako dinamika sozialari eusteko eta baita festa zein beste edozein jarduera garatzerakoan eskaintzen duen laguntzagatik ere.
Ondarea
Alegiako Madalena eliza
Alegiako Madalena Eliza 1609an azaltzen da lehen aldiz dokumentatua (garai hartan ermita zena). Baina lehenagokoa da, XVI. mendekoa baitira hormen beheko zatia eta erdi-puntuko arkua duen portada, ur bedeinkatu ontzia eta Madalenaren taila zaharra ere.
Herriko enpresa jarduerak
Ibur Hipika Kluba
Zaldien mundua ezagutarazi eta zaldien bidez natura eta gu geu ezagutzen laguntzea da hipika klub honen helburua; horretarako klaseak, irteerak, jolasak, lehiaketatxoak, ginkanak, udalekuak, egonaldiak, txangoak,... antolatzen dituzte.
Txakur zaindegia
Itsaskan
Txakur zaindegi honek instalazio zabal eta modernoak eskaintzen ditu, zure txakurrak behar duen garbitasuna eta lasaitasuna bermatzeko. Gainera, inguru zoragarrian dago kokatuta, Itsaskan-en egiten duen egonaldia atsegina eta dibertigarria izan dadin.
Jaia
Madalena jaiak Alegian
Alegia auzoa osatzen duten itsasoarrek, gabiriarrek eta ormaiztegiarrek parte hartzen dute bi egunetako egitaraua antolatzen eta hainbat ekintza finkatu ere egin dira, arrakasta handia lortzen baitute. Hala nola, sagardo dastaketa, dantza erakustaldia, oilasko afaria, Joselu Anaiak, herri-afaria... Uztaileko giro epelean inguruko askorentzat ezinbesteko topaleku!
Erdi aroko elementuak Alegian
Zabalgune guzti honek gaur egun oraindik ere, Erdi Aroan jauretxeek zituzten elementu gehienak igartzeko aukera ematen dute: Jauregi, Eliza (lehen ermita txikia izan zena), Gartziandegi (erromesen ospitale), Ostatuzahar, Miranda, Errota-Errementari, Butro, Armaindegi eta urka, Aroztegi, Agirre… Elizak XVI. mendekoak ditu hormen beheko zatia eta erdi-puntuko arkua duen portada, ur bedeinkatu ontzia eta baita Madalenaren taila zaharra ere.
Zozabarrotxiki, Iparragirreren lekukotza
Industria ingurune hau 60ko hamarkada hasieran Iberduerok Zentrala egiteko erosi zuen arte, toki esanguratsua izan zen, Ormazitegitik Zumarraga aldera zihoan errepide ondoan baitzegoen eta Mandubira eta Gabirialdera zihoazen herribide zaharrek ere gurutzatzen baitzuten.
Itzain, garraiolari eta ibiltari askoren geraleku zen Zozabarrotxiki taberna eta gertu zituen Itsasoko hainbat errota jarduera ere: Uribar, Zabalegi eta Orue, besteak beste. Zozabarrotxikik gerora ere, bizitza sozial handia hartu zuen bere baitan, bolatoki eta bolari ospetsuak tarteko: Ugarteburutarrak.
Zentrala egin aurretik zumea ekoizten zen lur sail osoan, garai hartan beste hainbat lurretan bezalaxe.
Jose Mari Iparragirre. Iturria: guregipuzkoa.eus
Itsasoko Zozabarrotxiki baserria. Iturria: guregipuzkoa.eus
Jose Mari Iparragirreren oroigarria
Baina leku honek aparteko aipamena merezi du, Jose Mari Iparragirre (Urretxu, 1820ko abuztuaren 12a – Itsaso, 1881eko apirilaren 6a) olerkari, euskal abeslari eta musikagileak bere azken urteak etxe honetan ostatu hartuz igaro baitzituen eta bertan hil. Honengatik, bertan, bere oroigarria jasotzen da.