Done Jakue bidea Itsasotik
Done Jakue bidea Itsasotik
Gipuzkoako Done Jakue barneko bidea igarotzen da Itsaso ertzetik, lau kilometro eta erdi soilik, baina interes handikoak. Gizateriaren ondare den oraingo bide honek, garai batean garrantzi handikoa izan zen Juzgadu bidearekin bat egiten du, Seguratik hasi eta Idiazabal, Ormaiztegi eta Gabirialdekoek Azpeitira joan behar izaten zutenarekin. Baita Itsasotik Arriaranera doan herri-bide zati batekin eta Itsasotik Mandubira doanarekin ere bateratzen da. Bestalde, bete betean, Donostia-Arantzazu GR34arekin bat egiten du.
Mapa honetan ikus dezakezue barneko bidearen nondik norakoa; Itsasotik 3-B etapa igarotzen da, Bidaniatik Zeraina doana:
Itsasoko lurretan ia Mandubiko Bentan bertan sartzen da (S Gregoriotik datorrela, Astigarretan). Mandubiko gaina eta bere Benta, aski ezaguna mendeetan zehar (erromeriak, bolatokia, perratokia, Santiotako Ordiziako karrera, Kizkitzarako ateetako bat…) gaur egun ere jatetxe bikaina izaten darrai eta oso ezaguna. Jarri berria da maskorra bere paretan, Nazario Maizen eskutik, beste hainbat leku esanguratsuetan bezala. Hementxe hasten da gure ibilbidea.
Berehala, Mandubizarreko sailak igarotzen dira, abeltzaintza ekologikoan diharduena (Goiekoharagia)
Segidan Mandubizelaiko trikuharria adierazita ikusiko dugu
Eta laster bidegurutze garrantzitsua. Aukera ematen digu, denbora pixka bat izanez gero, Kizkitzara igotzeko eta hurrengo bidegurutzera jaisteko, Altzigarragara.
Kizkitzara goazela, Amabirjinaiturria ere aurkituko dugu eta Arrobiatik gora ermita, pagadia eta barne aldean ezagutzen den itsasargi bakarra ezagutzeko aukera izango dugu.
Edota aurrera joan gaitezke, Altziarragako bidegurutzera: Itsasoko gunera edota Santio bidea jarraiki, Ormaiztegi aldera egin dezakegu.
Egarri izanez gero, Altzigagarrako iturria oso eskura dugu, 1949an urak hartu eta iturri bihurtu zutenekoa, inguru haietako zelaietan eta basoetan lanean zihardutenentzat beti oparo, agortu izandako urterik ez baita gogoratzen.
Bertatik aukera dago, Itsasoko gunera jeisteko, bertako Ostatua, Pott zeramika tailerra, elizak dituen altxorrak… kilometro batera soilik. Ezagutu Itsasoko ondarearen inguruko xehetasunak esteka honetan.
Eta Done Jakue Bideak aurrera darrai, Itsasoko mendi gain guztietatik igaroz. Lehenbizi Torreburu, orain zelai eder.
Laster Imiñarri, bidegurutze garrantzitsua, Juzgadu bidearen eta Itsasotik gora Intxaurzelaieta, Kortalde eta Albitsuondora doan herri bidearen lotura. Mendeungo lurretan sartu eta ikuspegi paregabea, gain zelai ikusgarrian XVI mendeko eraikuntza, ondare historiko-artistikoa.
Arrobizabal gaina da aurrean daukaguna (bertako harriz eginak dira Urkulegi, Itzebekoa…). Gain laua honek ere, eta uneoro bidea Arriaran eta Itsaso artean dabil, herri mugarriak alde batean edo bestean. Eta bidean gurdi eta lera arrastoak, Eztalaldeko zozkerakoenak, Mendialdetik belar, gaztaina, garo, orbel, inaurkin, ote, egur… ekartzean harrian burdinez zintzelatutako pausoak.
Beherantz goaz, Urteagako lepora: Aralar ezkerretara eta Aratz–Aizkorri aurrean.
Urteaga Haundiara iritsi gara, iturria mendizaleentzat eta Santio bideko maskorra alboan, Nazario Maizek, Anizeto lagun zuela, 2014ko azaroan eskuzabaltasun osoz jarria (Mandubiko Bentan bezala). Hemendik gure esker ona.
Hau ere XVI. mendeko egurrezko ondarea dugu. Aurrealdean zurezko arkitektura osoa bistan duena, garai bereko adreiluek tarteak itxiz.
Barazkigintza ekologikoa da bertako jarduera, Zumarraga-Urretxuko Kontsumo Taldearen barazki ekoizle eta baita abeltzaintza ekologikoan ere, Mandubizarren ikusi dugun bezala.
Urteagako lepoa bidegurutze bihurtzen zaigu: Arriaranetik Itsasora datorren herri-bidea, ezkerretara, eta eskuinetara Done Jakue bidearen segida (edo GR34), garai bateko Juzgadu bidea.
Eskuin aldekoa hartu eta Kilometro eskas geratzen zaigu gure herritik Ormaiztegiko lurretan sartzeko. Aizpuru mendia igo beharrik gabe, inguratuz bidea zehar zehar doa, eta panoramika zabala, Izazpi, Beloki, Irimo, Korosti, Aizeleku, Aloña… Aizkorri osoa eta Aratz… eta Etzegaratetik Lizarrusti alderako mendiak. Eta beste hainbeste herri, Ezkio, Zumarraga, Urretxu, Gabiria, Ormaiztegi, Zerain.
Izagirretxikiko sailetan sartu eta laster inguru horietan ezagunena den iturria ezkerretara aurkitzen da. Leku bitxia da, garai batean, Urteaga, Izagirretxiki eta Izagirreandikoen aska, garbitzeko harria eta egunero pitxarrean etxera edateko eraman beharreko uraren iturburua.
Izagirreandia gaur egun txabola da eta etxea Aranaga, Ormaiztegiko lurretan.
Bertan aurkitzen da hiru herrietako mugarria: Itsaso, Arriaran (Beasain) eta Ormaiztegi. 1927ra arte bi herrietakoa (Arriaran Itsasoko parte izan baitzen bi mendeetan zehar, Beasainera lotu zen arte). Mugarriek ere oraindik horrela adierazten dute Itsasoren Y edo I hizkiaz.
Hemen bukatzen da Itsasori dagokion Done Jakue bidearen ibilbidea, baina aurrera darrai, Ormaiztegi, Mutiloa, Segura, Zerain, S Adrian…