Historia
Itsasoko historia
Itsaso izenaren erreferentzia dokumentalik zaharrena 1399koa da. Gaztelako Enrike IIIaren zedula bat da, zeinetan jasotzen den Areriako Alkatetza Nagusia zein herrik osatzen zuten: Lazkao, Olaberria, Itsaso eta Arriaran.
Hala ere, Areria 1027rako ere bazen, Nafarroako Santxo III Handiaren garaian, ziur aski eliza zuten kontzeju txikiz osatua. Hipotesi hau erabat baiezta daiteke Itsasoren kasuan. Izan ere, elizak berak duen sarrera nagusia 1300. urtean eraikia da eta ziurrenik aurrez zen beste eliza erromaniko baten gainean.
Reino de Pamplona 1000-1035
San Bartolome elizaren sarrera nagusia (1300)
1461ean Gaztelako Enrike IVak eta 1476an Errege Katolikoek Areriako herriei eskumena eman zien euren alkatetza propioa izendatzeko.
1525ean Itsasoren udal autonomia hazi egin zen Lazkaoko jauretxearengandik urrunduz, eta bere baliabide ekonomikoak kudeatzeko ahalmenari esker elizaren handitzea eta hornitzea eman zen garai horretatik aurrera.
San Bartolome elizako erretaula: 1550 Juan de Lizarazu (eskultura lanak), 1560 Tomas de Oñate (polikromia)
1721ean absidea eta izardun ganga eraiki ziren. Garai berean erretaula birkokatu zen.
1725ean korua eraiki zen, eta 47an Miguel de Salazan arkitektoaren eskutik, bobeda barrokoak, zutabeak, kontrahormak...
1730ean, kanpandorrean erlojua jarri zen. Gaur egun, Gipuzkoan mantentzen den zaharrenetakoa da.
1758an sakristia barrokoa eraiki zen Martin de Carrera arkitektoaren eskutik.
Areriako Alkatetza Nagusian ere parte hartzen jarraitu zuen, hasierako herriekin batera eta beste batzuk ere epealdi batzuetan parte zirelarik. Honela Batzar Nagusietara prokuradorea bidaltzeak gastuak banatzea zekarkien. Alkatetza horretan alkate izendapenak txandaka egiten zituzten.
Aipagarria da ere Kizkitzako ermitak izan duen garrantzia historian zehar. Honen lekuko Clemente XIII Aita Santuak 1767an Kizkitzako Kofradiaren kideei eman zien “Jubileo Perpetuo” delakoa. Garai hartan Francisco de Sarriegui zen Itsasoko alkate.
Kofradiari esker 1768ko Itsasoko biztanle gehienen errolda (330 inguru) jasoa dago, Miguel de Iza alkate zelarik. Ikusi hemen.
Eta aurrerago, 1787an, Kofradian inskribatutako Itsasoko baserrien izenak ere bai. Ikusi hemen.
1860. urtera arte Itsasok Areriako Alkatetza Nagusian parte hartze esanguratsua izan zuen, berari zegozkion Gipuzkoako Batzar Nagusietarako ordezkarien txanda kopuruak erakusten duten bezala. Esan behar da, izan ere, Arriaran bere parte izan zuela 1927an Beasainera elkartu zen arte. Garai horretan udalaren zigilua zortzi puntako errubi erradiatua izan zen.
Ychaso y Arriaran 1692tik 1927ra erabilitako zigilua
"Ycasolcorra" - La Biscaye - Divesée en ses 4 principales parties et la Navarre en ses Merindades - 1707
"Ichasolegor" - Indicador de carreteras y carta topográfica - Provincia de Guipuzcoa - 1908
Aurrerantzean lis loreak hartu zuen leku hori.
Alcaldia de Ichaso zigilua, lis lorearen zeinuarekin, 1927tik 1964ra arte erabilia
Itsasoko herri sarreran, elizako horman kokatuta
Itsasok, bere historian zehar, 1962ra arte, “Goiko Ostatu” bezala ezagutzen den Kontzeju eraikinean izan bazuen udaletxea. 1962an Udaletxe berria egin zen gaur egungo Ostatuaren goiko solairuan.
“Goiko Ostatu” bezala ezagutzen den Kontzeju eraikina, 1962ra arte Udaletxe izan zena.
1962an egindako Udaletxe berria, Ostatuaren goiko solairuan. Argazkia: Mariano Estornés Lasa, 1970
Eta handik gutxira, Gipuzkoako beste herri batzuekin gertatu bezala, arazo ekonomikoak argudiatuz, Francok 1964ko azaroan sinatutako dekretuz, Ezkiorekin batera udalerri bat osatzera behartua izan zen.
Horrekin batera, herriak galera abiadura handiz jasango du, bi eskolen itxiera eta zerbitzu ezarengatik biztanleriaren jaitsiera bortitza, 215 biztanle galduta, 1965etik 2000ra bitarte.
Azken hamarkada honetan, berriz, errekuperazioa dator, belaunaldi berrien etorkizun itxaropentsua eta berriro ere Itsasok bere udalerri izaera berreskuratzearen aldeko ekimena, ItsasoBherria Udalerria berreskuratzeko Elkartearen bidez.
Honen ondorioz, behin Bideragarritasun ekonomikoa eta juridikoa aldekoa izanda eta Ezkio eta Itsasoren arteko Estipulazioak 2016ko martxoaren 3 onartuta, itsasoarrok 2016ko irailaren 18ko kontsultan aldeko %73,95k bozkatuta, Foru Aldundiak 2016ko abenduaren 21eko Foru Dekretuarekin onartu zuen Itsaso berriro Udalerri izatea.
2017ko urtarrilaren 13an Udala Eratzeko lehen Udalbatza burutu zen.
Udala Eratzeko Udalbatza Itsasoko Udaletxean
Udaletxea berriz ere Itsasoko Ostatuaren goiko solairuan
Ordudanik udalerria indarrean da bere aurrekontu, partaidetza gune, udal batzorde, inbertsio eta abarrekin. Hala ere, Estatu mailan Entitateen Erregistroan alta emateko garaian izan den ukapenak, Foru Aldundiarekin batera, kontentziosoaren bidea egin beharko du.