Ibilbideak
Ibilbideak
Itsasoko biztanleok, igandeetako paseo-taldeetan eta auzolanean bideak txukunduz, ibilbideak prestatzen ari gara gure herri barnean paseo interesgarriak eta lasaiak eman ahal izateko. Aldi berean, bertako ondarea berreskuratu eta balioan jartzea dugu helburu.
Bide hauetan aurkitu ditzakezun leku erakargarrienak nabarmenduko ditugu, hainbat arrazoiren arabera: etnografikoa, kulturala, naturala edo bertatik ikus ditzakegun panoramikengatik.
Ibilbideetan zehar geldiunetxoa egitera gonbidatzen zaituztegu, eta aldi berean, gustuko interesgune berriak deskubritzera.
Ibilbide horietan askotariko landaretza eta barazkigintza ere aurkituko dugu. Batetik, naturak basoaren barruan eskainitakoa: haritza, akazia, urkia, Iparraldeko haritza, pagoa, gaztainondoa, elorria, goroldioa, gorostia, otea, txilarra, mihura... eta bestetik, baserrien inguruan gizakiak landatutako frutariak (sagarrondoa, hurritz, intxaurrondo, gereziondo, madariondo, pikondo, fruitu gorriak...), baita baratz eta soro emankorrak ere.
Gure lurraldeetan barrena hainbat animalia ere aurkituko dugu, batzuk zelaietan, elikagai izateaz gain, landak garbi eta txukun mantentzeko hain beharrezkoak direnak: behiak, behorrak, ardiak, ahuntzak, oiloak... eta beste batzuk, berriz, basoaren isiltasunean lasai bizi direnak: basurdea, azeria, katagorria, orkatza, hegazti ugari...
Ibilbide hauen xehetasunak ikusi eta hauetaz gozatzera gonbidatzen zaituztegu gure gune honetatik.
Itsaso - San Lorentzo bide berdea
Itsasotik San Lorentzo baselizara doan bide lauak 45 minutuz joan-etorria egiteko aukera eskaintzen dizu. San Lorentzon bertan iturri, eserleku eta mahaiekin aisialdi gune batez ere goza daiteke eta ermitak duen interes historikoa eta artistikoa ezagutu.
2,4km 15m 45min Ikusi ibilbidea
Alegia - Uribar bide berdea
Alegiatik Uribar aldera doan bide berdea, asfaltatua eta itzalez, eserlekuz eta iturriz hornitua dago, denontzat egokitua, edozein mugikortasun egoera dela ere. Zuhaitzez jantzitako Santa Lutzi edo Argixao ibai ertza du alde batean, Madurako zelai zabalek ematen duten primerako ikuspegia bestean.
1,8km 7m 30min Ikusi ibilbidea
Itsaso - Kizkitza - Mandubia ibilbide zirkularra
Itsaso herrigunea, Kizkitzako tontorra eta Mandubiako Benta lotzen dituen ibilbide honen hasiera eta amaiera puntua nahieran aukera dezakezu: Itsaso, Mandubia nahiz Urteaga, eta baita nahi duzun zatia egin ere.
8,5km 355m 2h 30min Ikusi ibilbidea
Itsaso - Alegia ibilbide zirkularra
Mendeetan zehar Itsasoko Alegia auzoa eta Itsasoko gunea bi herribidek lotu zituen, 1934ean errepidea egin zen arte. Zirkuitu honekin lehengo bide garrantzitsu haiek errekuperatu eta ibilbide zirkularra proposatzen dizugu.
5,9km 241m 2h Ikusi ibilbidea
Done Jakue bidea Itsasotik
Gipuzkoako Done Jakue barneko bidea igarotzen da Itsaso ertzetik, lau kilometro eta erdi soilik, baina interes handikoak. Gizateriaren ondare den oraingo bide hau, garai batean garrantzi handikoa izan zen Juzgadu bidearekin bat egiten du. Donostia-Arantzazu GR34arekin ere bat egiten du bete betean.