Itsaso - Alegia ibilbide zirkularra
5,9km 241m 2h
Mendeetan zehar Itsasoko Alegia auzoa eta Itsasoko gunea bi herribidek lotu zituen, 1934ean errepidea egin zen arte. Zirkuitu honekin lehengo bide garrantzitsu haiek errekuperatu eta ibilbide zirkularra proposatzen dizugu.
Nahi den norabidetan, abiapuntua Itsaso zein Alegia izan liteke. Bi guneek eskaintzen dituzten interesgune aberatsez gain, bidean zehar hainbat elementu beha ditzakezu. Itsasoko gunetik hasita, lehena, Oria baserria, ondare historiko-artistiko gisa katalogatua.
Jarraian Egiluzeazpik duen mandio-zubia aintzat hartzekoa da, bere egitura paregabeagatik.
Ogi-labea ere badu eta, garai batean, baita bolatokia ere izandakoa.
Bide zaharrean behera eginez, basoz inguratuta jarraituko dugu Epelderaino. Oso antzinako etxea, hareharri landuz iparraldetik dituen atezar ikusgarriak oraindik zutik:
Eta hegoaldetik, leiho txiki eta estua, gezileihoa (saetera), aurrez aurre duen zubia zaintzeko.
Metro gutxitara baina nahiko ezkutuan ur sulfatatuen Urbeltza izeneko sorlekua ere bada.
Epelde erreka zeharkatzeko zubia ez da nolanahi eginikoa. Bertaraino jaitsi behar da zubiaren egitura miresteko.
Eta beherantz jarraituz, basotik irten eta argiune zabalera: Alegiako Madurea.
Eta Alegia auzoak Erdi Aroko jauretxeen elementu guztiak eskaintzen dizkigu gaur egunean ere: Eliza, Graziandegi, Ostatuzahar, Errota, Errementari, Miranda, Armaindegi eta urka, Butro dorretxea, Aroztegi, Jauregi, Agirre… eta bi ibairen gurutza-lekuan 3 herrietako mugarria (Itsaso, Ormaiztegi eta Gabiria).
Alegiatik Itsasorako igoeran, Iburhipika(6), Okinarriko ur putzuak(7) eta XVI. mendeko Sarriegiko ondare aparta(8) ezagutzeko aukera duzu.