Kizkitza
Kizkitza
Kizkitzako gaina Itsasok duen mendirik garaiena da, 664 metrorekin; bertan dagoen baseliza 1622an eraikia izan zen. Aipagarria da Itsasoar eta inguru zabaleko beste askorentzat Kizkitzako gain honek duen esanahia aparta, belaunaldiz belaunaldi jasoa eta hurrengoei erakutsia.
Oso maitatua den tontor eta baseliza hau, auzolanaren ikur ere bada, 1959an baseliza suak erabat hondatu ondoren, itsasoarrek 1962an berriro auzolanean eraiki baitzuten. Ordundik lan ugari egin dira eraikina eta inguruak egoera onean mantentu eta bisitarien gozagarri izateko.
Kizkitzako eguna irailaren 8an ospatzen da, egun seinalatua bai itsasoarrentzat baita inguruko askorentzat ere. Eguna aurrera joan ahala jendetza ugaritzen joaten da, egun osoko egitarauaz gozatuz.
Kizkitzako baseliza
Itsaso zabalera begira
Kizkitzako baseliza, izen bereko Itsasoko mendi tontorrean dago kokatua. Bere ezaugarriengatik kostaldeko ermita dirudi, nahiz eta 664 metroko garaieran eta itsasertzetik zuzenean 24 kilometrora egon. Jarraitu esteka kokaleku zehatza ezagutzeko.
Iturburua: Google Maps
Bilakaera
1622. urtean eraiki zen, baina 1959ko abenduaren 28an baseliza suak erabat desegin zuen.
Itsasoarrek 1962an berriro auzolanean eraberritu zutenean itsasontzi-itxura eman zioten Kizkitza gainari. Baselizaren aurrealdeko plazatxoak popa irudikatzen du; atzealdekoak, berriz, branka. Mastila ere tinko jarria izan zen, puntan itsasargia zuela.
Aldi berean, Arrosarioko amabirjinaren irudia jarri zen, Eusebio Igartzak eginiko egurrezko itsasontzi baten gainean. Goikoetxeko Jose Izak hainbat artelan gehitu zizkion, baita aingura bat ere. Elementu hauek, marinel-itxurako dekorazio berezia osatzen dute.
Kizkitzako baselizaren barrualdean, altarea.
Kizkitzako ama Eusebio Igartzak eginiko egurrezko itsasontzian
Baselizaren barrualdean, Jose Izaren egurrezko artelanak
Altarearen gainean, Jose Izaren egurrezko aingura
Egun berean, Laura Estevek atzeko paretako margolana ere osatu zuen zuri-beltzean.
Ia 40 urte beranduago, 1996an, Kizkitzan auzolanean lan handiak egin ziren: erreteila, kanpoko mahaiak, erretegia eta baita barnea margotu ere. Laura Esteveren margolanak baseliza barrualdeko atzealdeko pareta osoa hartzen zuenez, margolaria bera bilatzea erabaki genuen; eta baita aurkitu ere, Donostian, bere arte eskola eta erakusketak.
Hala, Laura Esteve (Donostia, 1939) ezagutzeko aukera izan genuen. Itsasora etorri zen berriro ere, urduri eta hunkituta, bere bi ikaslerekin. Kikitzara igo eta denbora luze egon zen bere lanari begira.
Egun osoa lanean jardun eta zuri-beltzean zegoena, koloreztatuta utzi zuen. "Laura Esteve y CIA 96" sinatu zuen. Itsasoko Ostatuan otordu batekin eskertu geneun bere ekarpena.
Jakin gehiago artista interesgarri honi buruz.
Kizkitza gaur egun
Paseoan gerturatu eta inguruez gozatzeko leku aparta da tontor hau. Azken auzolanei esker, bizi-bizi dago Kizkitza, eta egunero izaten ditu bisitariak.
Badago aukera eramandako hamaiketakoa mahaian eserita jateko ere; ermitak berak dituen tranpaletan edo baselizaren aurrealdean zein pagadian dauden mahaietan.
Izan ere, pago ederrak dauzka ermitak mendebaldean. Gainera, badirudi baseliza honen inguruko basoetako egurra itsasontziak egiteko erabiltzen zutela eta ontzigile haiek izan zirela itsasargia bertan jarri zutenak.
Erretegi eta guzti dago hornituta, otordu beroren bat prestatu nahi duenarentzat. Baina gogoratu inguru hauek txukun mantentzea denon ardura dela; errespetatu eremua eta aurkitu bezain ondo utzi.
Jubileo perpetuo Kizkitzako kofradia sortu zutenei
2017an, 250 urte bete dira Kizkitzako kofradia sortu zutenei, aurrekoei eta ondorengoei, Clemente XIII Aita Sainduak 1767an jubileo perpetuo agindu ziela: betirako zoriona. Garai hartan, izugarritako lorpena izan zen Erromatik bueltan honelako grazia lortzea. Badakigu agiri hori Itsasoko Goiko Kontzejuko Udaletxe sarreran nabarmen paretan jarrita egon zela 1962ra arte (udaletxea oraingo Ostatu gainera eraman zen arte).
Barneko itsasargia Kizkitzako tontorrean
Kizkitza Itsasoko argia da, eta hori bi ikuspegitatik: alde batetik, Itsasoko herrian dagoen faro edo itsasargia delako; eta bestetik, Kantauri itsasoan dabiltzan ontzientzat egiten duelako argi. Baina, kontuz, ez pentsa Itsaso herriak hortik hartu duenik izena, “isats” landaretik datorkiola dirudi-eta.
Kizkitza tontorreko itsasargia piztuta
Kizkitza tontorreko itsasargia itzalita
Badirudi baseliza honen inguruko basoetako egurra itsasontziak egiteko erabiltzen zutela eta ontzigile haiek izan zirela itsasargia bertan jarri zutenak. Hala ere, egungo itsasargia Tarifako portutik ekarri zen 1962an. Linterna hau Parisen izan zen egina 1904ean.
Orain ezagutzen dugun Kizkitza gaina itsasuntzi baten egituran oinarrituta diseinatu zen 1934ean; atzealdeko plazak brankaren forma hartzen du, eta bertan dago itsasargia, mastaren tokian tinko.
2016eko maiatzeko auzolanerako Itsasoko Pott Keramika estudioak egindako zeramikazko plaka honetan ikus daiteke zein norabidetan geratzen den Kantauri Itsasoa. Baselizaren atzealdean dago kokatuta, itsasoari begira.
Itsasargia biziki zaintzen dugu, gauero argia egin diezagun.
Kizkitzako eguna: irailaren 8a
Irailaren 8a itsasoar eta inguruko askorentzat egun seinalatua izaten da. Familian edota lagun artean Kizkitzako ermitara goizean igo eta eguna igarotzeko urte askotako ohiturari eutsi zaio; badira egun honetan lehen aldiz bertaratzen direnak ere. Egun osoko egitaraua izaten da urtero.
Kizkitza eguna ospatzen 1991an
Kizkitza eguna ospatzen 2017an
Goizean hasten da jaia, tontorrera igo eta, indarrak berritzeko, egun honetarako martxan izaten den erretegian zein tabernan mokadutxo bat hartuz; 12etan, meza oso jendetsua izaten da, eguraldia lagun bada, kanpoko zelaian ospatzen dena. Segidan erromeriari ematen zaio hasiera, egun osoan zehar luzatzen dena.
Dantzara hainbat lagun animatzen da eta plazan etengabe jardun. Arratsaldeko toka hasi zain eta ikusmiran ere jendea pilatzen da: 50 lagunetik gora botatzen eta segidan, fardo jaurtiketa indarrak gorde dituztenentzat.
Kizkitza eguneko meza kanpoko zelaian
Erromerian dantzan jai giroan
Mandubiko bentan ere trikitilariak
Jendetza toka jokalariei begira
Bitartean, Mandubiko Bentan ere festa, jendea gora eta behera etengabe ibiltzen baita egun honetan. Bazkal orduan jendea lepo jangelatan eta atarian erromeria trikitiarekin.
Festa ez da iluntzearekin bukatzen. Itsason plazako karpapean jarraitzen du jaiak, afari eta trikitilariekin batera. Ehun lagun inguru elkartu ohi dira kantu eta kontu, gauerdira arte. Giro ederra soinu alaien artean!
Auzolana
Kizkitzan beti ikusten ditugu hobetu ditzakegun alderdiak. Hain goian kokatua dagoen eraikuntza batek mantenimendu lan ugari izan ohi ditu eta, bestalde, hain bisitatua izateak ere, erosotasun eta zerbitzu aldetik erne egotea eskatzen du.
Horregatik, urteak joan eta etorri, hainbat eta hainbat auzolan egin dira tontor honetan.
2016ko maiatzaren 28koa, ordea, berezia izan zen. Izan ere, koordinazio eta prestaketa lan ugariren ostean, irailean EITBk aireratu zuen programa berri baten atal bat Kizkitzan grabatu zen.
Itsasoarrok aurreikusia geneukan udaberriko auzolana gauzatzeko aukera desberdin bat eskaini zitzaigun eta besteetan baino konplexuagoa izan bazen ere, pozgarria izan zen amaierako sentsazio partekatua. Geure arteko lankidetza giroa eta EITBkoekin izan genuena ere arrastoa uzten duenetakoa izan zen.
Grabaketak bezperan goizean goiz hasi ziren, hainbat herritarrekin aurreko asteetan egon ondoren, euren gidoiari erantzuten zioten lekuak, lanbideak, ardurak, pertsonak… topatu eta zehaztu ondoren.
35 lagun inguru elkartu ginen eta sei lan-taldeetan banatu, beste hainbeste lan eremu zehaztu, eta baita bakoitzerako ardurak ere: koordinatzailea, material arduraduna, eginkizun zehatzena, laguntzaileak...