Mandubizelaia trukuharria
Mandubizelaia trikuharria
Atari hau eta Mandubizelaian bertan jarritako panelak baliatuz, trikuharria babesteagatik ezkutuan geratu den ondarearen balioa eta eskaintzen digun ezagutza azaleratu eta ikusarazi nahi da.
Trikuharria 1998-2000 urteetako 3 udatan zehar industu zen EHUko Joxean Mujika arkeologoa buru zela, Gipuzkoako Foru Aldundiako dirulaguntzaz eta UPV/EHUko ikasleen borondatezko lanarekin.
Hasierako ideia trikuharria erakusgarri jartzea izan bazen ere, horretarako zein neurri har ote zitezkeen aztertu zen. Azkenean, Giorgio Studer, orduko Gipuzkoako Foru Aldundiko errestauradorea, eta Joxean Mujika arkeologoaren aholkuaz baztertu egin zen, izan ere hiru harlauza handietatik bakarra da kareharrizkoa eta beste biak arbel-harrizkoak direnez, azalean utziz gero izotzagatik asko hondatuko zirela-eta, berriro lurrez estaltzea erabaki zen. Horregatik, indusketa amaitu ondoren aurretik zuen itxura eman ahal izateko ateratako harriak eta lurrak itzuli ziren egiturara.
Jarraian doan informazio guztia Joxean Mujikak berak eskaini du eta argazkiei dagokionez Joxean Mujikarenak, Pilare Muxikarenak eta bertan ateratako materiala Irungo Gordailuan - Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa, Gipuzkoako Foru Aldundia-, aurkitzen denez, Aizpea Lasa izan da argazkitara ekarri dituena (baita web atari hau eta panelen diseinua egin dituena ere).
Bestalde EducaReality enpresakoek 3D errealitate areagotuan esperientzia izateko teknologia sortu du.
- NEOLITOAREN HASIERA EUSKAL HERRIAN
- Duela 7500-7000 urte transizioa
- Duela 7.000 urte mendi inguruetara
- Duela 6000 urte inguru Mandubira
- TRIKUHARRIEN KRONOLOGIA
- Lehenengo harrizko egitura iraunkorrak
- Kizkitza eta Murumendi artean
- TRIKUHARRIEN EGITUREN ANIZTASUNA
- Europa Mendebaldean erabilera
- Egituraren ezaugarriak
- Euskal Herrian
- Ganbera eta tumulua dutenak
- Sarbidea ere badutenak
- MANDUBIZELAIA
- Abeltzain trashumanteak
- Trikuharriaren deskribapena
- Trikuharria eraikitzeko lehengaiak
- Kokalekuaren hautaketa
- Lanaren antolaketa
- Eraikitze prozesua
- Ehorzketak
- Kalkolitoan, lehen ehorzketa-aldia (5.682-5.120 urteren artean) ganberako beheko geruzan
- Hainbat mendetako ehorzketen etenaldia
- Brontze-Aroan, bigarren ehorzketa-aldia (4.425-3.794 urteren artean) azaletik hurbil dagoen geruzan
- Aurkitutako objektuak
- Kalkolito-Arokoak
- Brontze-Arokoak
- Suharrien jatorriaz
- Ikerketaren informazioa
1. NEOLITOAREN HASIERA EUSKAL HERRIAN
Duela 7500-7000 urte transizioa
Ekonomia ehiztari-biltzailetik (Epipaleolito/Mesolito) ekonomia ekoizlerako (Neolitoa) trantsizioa duela 7.500-7.000 urte hasi zen Euskal Herrian. Prozesu horren lehen frogak Ekialde Hurbilean jatorria duten abelazkuntzaren eta nekazaritzaren lehen aztarnak (ardiak, ahuntzak eta zerealak -garia-) aurkitzen dira. Gainera, neolitizazioaren beste zantzu batzuk dira: lurrontzigintza edo zeramikagintza, harriak leunduz egindako aizkorak eta opaitzurrak, lehenengo herriska iraunkorrak, etab. Hauetako froga batzuk aurkitu dira Herriko Barra aztarnategian (Zarautz), Los Cascajos-en (Los Arcos, Nafarroa), Peña Largan eta Los Husos-en (Arabako Errioxa).
Duela 7.000 urte mendi inguruetara
Duela 7.000 urte, tarteka-tarteka euren ganaduekin mendi inguruetara hurbiltzen hasiko dira bertako larre eta fruituak aprobetxatzeko (adibidez Arabako Errioxako Kantabria Mendizerrara).
Duela 6.000 urte inguru Mandubira
Duela 6.000 urtetik aurrera ohiko bihurtuko da mendi ezberdinetara igotzea (Mandubia, Aralar, Aizkorri, Urbasa, Entzia, etab.) eta lehenengo talde-abeltzain trashumanteen urtaroko bizilekuak eta euren talde-hilobiak (trikuharriak) eraikiko dira edota bertako haitzuloak aprobetxatuko dituzte hilobi gisa.
2. TRIKUHARRIEN KRONOLOGIA
Lehenengo harrizko egitura iraunkorrak
Arkitektura zaharrenak trikuharriak izango dira: Trikuharriak hilobiaz gain mendian banatuta dauden lurralde mugatzaileak izango lirateke, bere inguruan abeltzain-talde bat bizi dela adierazten duen zuina.
Kizkitza eta Murumendi artean
Ditugun trikuharrien eraikuntzen kronologia: Trikuaizti II, duela 6.000 bat urte (Neolitoaren erdialdera) eraikia eta mende pare batean erabilia; hau Trikuaizti I trikuharriak ordezkatuko du, duela 5.800-5.500 urte eta ziur aski duela 3.500 bat urtera arte (Brontze-Aroa) erabiliko zen. Zoritxarrez, hauetan gizakien bi hortz besterik ez ziren kontserbatu eta zehaztasun handiagorik ematerik ez dago.
Duela 5.300 bat urte (Neolitotik Kalkolitora igarotzean), bi talde ezberdinek Larrarte eta Mandubizelaia trikuharriak eraiki zituzten eta gutxienez duela 3.700 bat urtera arte erabili. Mandubikoak bere erabileran mende batzuetako etenaldi bat ezagutu zuela dirudi.
3. TRIKUHARRIEN EGITUREN ANIZTASUNA
Europa Mendebaldean erabilera
Duela 6.000 urte inguru Europa Mendebaldeko hainbat lurraldetako giza-taldeak trikuharri-mota ezberdinak eraikitzen hasi ziren. Denak ez dira berdinak, lurralde bakoitzak eskaintzen zuen geologiara, erliebera (eraikitzeko toki egokia aukeratu lana aurrezteko, ikusgarritasun handiagoa emateko, etab.) eta giza-taldeen ezaugarrietara (ohitura edo tradizio kulturala, jakinduria, biztanle-kopurua, etab.) egokitu behar izan ziren. Eraikitzeko aukeratutako tokian dagoen harri-motak (hareharria, kareharria, basaltoak, etab.), harriak erauzteko erraztasunak eta “harrobiaren” hurbiltasunak trikuharriaren ezaugarriak (forma, neurriak, etab.) baldintzatzen dituzte.
Europako mendebaldeko trikuharri guztien erabilera ere ez da beti berdina izan. Euskal Herritik kanpora, batzuk (Bretainian adibidez), hilotz banaka batzuk soilik dituzte. Nortzuk ote ziren egitura erraldoi horietan hilobiratzeko aukeratutakoak?. Beste trikuharri askok aldiz, gure lurraldekoetan gertatzen den bezala, mila urte baino gehiagotan tokiko taldekideen hilotzak (hamarreko batzuk) gordetzen dituzte, sarritan oso partzialki kontserbatuta.
Egituraren ezaugarriak
Egitura hauek, kanpotik, harriz egindako forma erdiesferiko zapala duen tontortxo itxura (tumulua edo armorkora) dute. Diametroa 8 metrotik gorakoa izaten da, arruntenak 12 eta 18 metro tartekoak dira. Altuera, berriz, 60 cm-tik 200 cm-ra bitartekoa.
Erdian forma ezberdina (laukizuzena, trapezoidala, poligonala) izan dezakeen ganbera kokatzen da; gutxienez, bi metro luze eta metro bete zabal izaten da, eta altuera 60 cm-tik ia 200 cm-ra. Ganbera, tumulu edo armorkora deitu ohi zaion harri-metaketa batez inguratzen zen, ia ganbera bera estaliz.
Euskal Herrian
Ganbera eta tumulua dutenak:
Euskal Herriko trikuharri gehienek bi atal hauek izaten dituzte: ganbera eta tumulua. Horrelako trikuharri soiletan, hildako bakoitza estalkia altxatu ondoren ganberaren barruan uzten zen. Batzuetan, sarritan aurrez ehortzitakoen hezur batzuk besterik ez ziren egongo denbora pasa ahala hondatzen doazelako. Beste batzuetan, kontserbatutako hezur kopurua nahiko handia izan zitekeen eta trikuharri askoren ganbarak nahiko txikiak zirenez hezur luzeak eta garezurrak mugitu eta antolatu egin behar ziren gorpu berrientzat tokia edukitzeko. Gainera, denbora igaro ahala hezurrak geroz eta bolumen txikiagoa hartuko zuten, horregatik, nahiz eta ganbarak txikiak izan hildako kopurua uste baino handiagoa izan zitekeen. Hau da Mandubizelaikoaren kasua.
Sarbidea ere badutenak:
Euskal Herrian beste 30 bat trikuharri daude hilotzak ganberan lagatzeko tumuluaren kanpotik ganberara doan sarbide edo igargu bat dutenak (sarbidedun trikuharriak, igargu estaliak eta harlauza zulatudun igargu estaliak): Jentillarriko igargu estalia -Aralar-, eta Igartza Mendebaldea sarbidedun trikuharria (Ataun-Urdiain, Gipuzkoa-Nafarroa) edota Arabar Errioxakoak (Sorginaren Txabola, Hezurtegiaren Gaintxoa…), Kuartangokoak (Gurpide, San Sebastian), Artaxonakoak (La Mina de Farangortea eta Portillo de Eneriz harlauza zulatudun igargu estaliak), etab.
4. MANDUBIZELAIA
Abeltzain trashumanteak
Trikuharri gehienak mendi aldean kokatzen dira eta horrek pentsarazten du hor bizi ziren giza-taldeak abeltzainak izango zirela. Neguan, ez ziren bertan biziko, talde trashumanteak zirenez euren jatorrizko herrisketara itzuliko ziren. Batzuk, ezezagunak, inguruko haranetan edo kostaldean egon zitezkeen, baina beste batzuk urrutirago kokatuko ziren, hegoalderagoko lurralde idorragoetan (Nafarroako erdi aldean, etab.).
Urtean zehar herriska horietan biziko ziren. Batzuetan, batez ere Nafarroan eta Araban aurkitutakoei esker dakigu nolakoak izan zitezkeen, zurez eta pezoz egindako etxebizitzak (laukizuzenak, etab.) eta abereak gordetzeko itxiturak zituzten, eta zenbaitetan hobietan egindako ehorzketak ere bai, eta inguruan soro txikiak eta larreak. Euskal Herria hezean ez dira ia ezagutzen bizileku hauen aztarnak (Haltzerreka -Etzegarate-, Aiatzio -Aralar-, etab.) ez direlako ondo kontserbatzen edota ez ditugulako aurkitu, eta baita batzuk gure gaurko herrien edo industrialdeen azpietan daudelako ere.
Udaberria aurreratzen zenean, herriska hauetatik abereak hartuta abeltzain talde ezberdinak irtengo ziren udako mendiko larreetara. Belaunaldiz belaunaldi toki jakinetara joango ziren. Horrelako tokiak, historikoki, gaur arte, saroi, sarobe edota korta bezala izendatu dira. Bertan zeuden euren txabolak, eta beste egitura osagarri batzuk, eta trikuharriak, taldearen hilerria eta lurralde-zuina.
Abeltzain-talde horien osaketa ez zen herriskakoaren berdina, badirudi ugariagoak zirela gizonezkoak eta gazteak, eta gutxiago emakumeak, umeak eta agureak. Pentsa daiteke horren arrazoia izan zitekeela abere-lapurretak eta liskarrak uste baino ugariagoak zirela.
Trikuharriaren deskribapena
Tumuluak 17 m-ko diametroa eta 0,40 m-ko altuera ditu, baina ekialdean badirudi altuera handiagoa duela, gune zabal baten muturrean eta aldapa bizkortzen hasten den tokian eraikita dagoelako. Erdialdean, gutxi-gorabehera, ekialdetik mendebalderanzko norantza duen trapezio-formako ganbera kokatzen da, 1,80 m luze dena, nahiz eta ganberaren alde baterako 3 m luze zen harlauza bat aukeratu. Zabalera, buru aldean, 1,14 m da eta beste muturrean, ekialdean, 0,80 m ditu.
Lehenengo gorpuak ganberaren zorua ia osorik estaltzen zuen arbelezko/tupazko harlauza baten gainean ipini ziren.
Trikuharria eraikitzeko lehengaiak
Trikuaizti eta Mandubizelaiko hilobi-arkitekturak eraikitzeko inguruan (Kanteralde, Kizkitza) azaleratzen ziren basaltoak erabili ziren. Tumulua ia bakarrik harri-mota honekin egin zen, baina horrek formatu/forma egokiko harlauzak ez dituenez eskaintzen, ganberako zorua prestatzeko eta harlauzetarako kareharri tupatsuak eta arbela erabili zituzten.
Harrobi gisa erabilitako leku zehatzak ez ditugu ezagutzen, baina oso urruti joan gabe egongo dira. Harri-koskor batzuk erraz eskuragarri izango zituzten, baina ez nahikoak egitura egiteko eta geruzetatik ere atera beharko zituzten harrizko, zurezko eta hezurrezko pikotxekin, aspaldidanik muger edo suharri-meategietan (Mugarduia -Urbasa-, Mugerre -Lapurdi-, Araiko -Trebiñu-, etab.) egiten zuten bezala. Ondoren, ziur aski, harriak animalien laguntzaz mugitutako lera gisako ibilgailuetan garraiatuko zituzten.
Kokalekuaren hautaketa
Hilobi-arkitekturaren kokalekua hainbat irizpide jarraituz aukeratuko zuten, eta seguruenik, beste munduarekiko sinesmen ezezagunek ziotena, eta baita helburu praktiko (lana aurreztea, etab.) eta ekonomikoetan (kudeatzen zituzten eremuaren zuin gisa gainontzeko taldeek identifikatu zezaten) oinarrituta ere. Honetarako, batzuetan (Mandubizelaian, Trikuaiztin, etab.), ikuseremu handiko tokiak aukeratzen zituzten eta era berean ikusgaitasuna paisaian nabarmentzen (tumulu handiak eta nabarmenak eginaz) saiatzen ziren.
Lanaren antolaketa
Eraikuntza lanak auzolanean egingo ziren, elkarlanean, ez zen izango abeltzainen bat-bateko inprobisazioa. Denbora luzez iraungo zuten hilobi-arkitektura hauek eraikitzeko tradizioz ikasitako jakindurian oinarrituko ziren. Gerta daiteke, pertsona gailen, ospetsu bat, eraikuntza egiteko egotea eta egingo ziren ospakizun eta errituen ardura ere edukitzea.
Eraikitze prozesua
Sarritan, bertan hazten zen landaretzari su emanez hasiera ematen zioten lanari. Ondoren, bertara inguratuta eta euren ezaugarrien arabera (harlauza edo harri-koskorrak tamainaka) multzoetan sailkatutako harriak erabiliko zituzten. Lehen urratsa ganberaren burualdeko harlauza jartzea izango zen eta bere arrimuan, ukituz, batzuetan alboko harlauza handiak lur-erreten edo zangetan sartuz tinkatuta gel zitezen.
Ganberako harlauzetatik kanporantz harri handi xamarrak teilakatuz bezala jartzen ziren egitura sendotzeko, eta hauen gainean beste batzuk txikiagoak ia ganberaren estalkia estali arte. Hauen gainean jarritakoak txikiagoak dira eta ez daude hain ondo ipinita. Harri-metaketa honi tumulu edo armorkora deitu ohi zaio. Gainera, batzuetan, kanpo aldetik tumulua inguratuz, sendotuz eta mugatuz harriak zutika jarrita izaten zituzten, harri-zirkulu edo harrespil itxura hartuz.
Ehorzketak
Kalkolitoan, lehen ehorzketa-aldia (5.682-5.120 urteren artean) ganberako beheko geruzan:
Lehenengo gorputza noiz ehortzi zen jakiterik ez dugu, ez garelako gai oraingoz hori nor izan zen zehazteko, baina, gaur egun, gizaki zaharrena, gutxi gorabehera, duela 5.283 urte ehortzi zela esan dezakegu, baina ikatz batzuk 5.682ko data eman dutenez pentsa daiteke bi daten tartean beste norbait gehiago hilobiratua ere izan zitekeela. Datatutako ikatz horiek hilobia eraiki nahi zen tokian zegoen landaretzari sua eman ziotelako sortutakoak ote dira?
Ganberako beheko geruza edo kapa honetako azken hilobiratzea, gutxi gorabehera, duela 5.120 bat urte gertatu zen. Hilobiratuak hogeitahamar inguru izan ziren, eta pentsa daiteke ganberaren estalkia bera baliatu zutela eurak estaltzeko eta trikuharriaren erabilera bukatutzat emateko, ixteko.
Hainbat mendetako ehorzketen etenaldia:
Trikuharri honek bere erabileran mende batzuetako etenaldi bat ezagutu zuela dirudi.
Honen arrazoia ezezaguna zaigu, baina badirudi denbora luzez ez zutela beste inor hilobiratu. Esango genuke abeltzain taldeak etortzeari utzi ziola, edo oso gutxitan etorri zirela. Gizartean, edo taldeen arteko egoera liskartsua ote zen?
Brontze-Aroan, bigarren ehorzketa-aldia (4.425-3.794 urteren artean) azaletik hurbil dagoen geruzan:
Etenaldi luze honen ondoren nortzuk izan ziren hona hurbildu ziren abeltzainak eta trikuharria berriz erabiltzen hasi zirenak? Bazuten loturarik aurreko abeltzaineekin? Esango genuke ez dutela zerikusirik, beste talde batekoak izango zirela ziurrenik.
Garai honetan, Brontze-Aroan, kobrearen eta brontzearen metalurgia asko garatuko da, eta suharrizko edo harrizko tresnak (aizkorak, gezi-puntak, sastagaiak, apaingailu berriak, etab.) ordezkatuko ditu.
Bigarren ehorzketa-aldiko hilobiratu zaharrena duela 4.425ean izan zen ehortzia, azkena berriz duela 3.794 urte. Kontserbatutako hildako kopurua dozena batekoa da, baina hezur hauek azaletik hurbil zeudenez, arrazoi ezberdinengatik (sustraiak, euria, etab.) oso hondatuta zeuden.
Aurkitutako objektuak
Erritualen inguruan ezer gutxi dakigu, batez ere kultura immateriala (dantzak, keinuak, etab.) egiten zen une berean desagertzen zelako. Hiletetako kultura materialaz apur bat kontserbatzen da trikuharrien ganberetan, baina lehengai galkorrekoak zirenak (zurezkoak, larru, etab.) ez dira kontserbatzen. Batzuetan, ganberatik kanpo ere utzi zitezkeen eskaintzak, adibidez tumuluren azpian. Tumuluen gainean edota inguruan agertzen diren objektuak hilobiaren kontserbazio lanetan (haziko zen landaretza garbitu, etab.) edota ezezagunak zaizkigun erritualetan sortutakoak izan daitezke.
Kalkolito-Arokoak
Ganberetan mota askotako tresnak (harrizkoak, etab.) eta apaingailuak aurkitu ohi dira, baina inoiz ez kopuru handian. Sarri, denak eskaintza gisa interpretatu ohi ziren, baina egun ez; horren adibide dugu Mandubizelaia, non hildakoek soinean zeramatzaten apaingailuak izan zitezkeen V-erara zulatutako hezurrezko botoia, lignitozko lepoko baten ale beltza eta hezurrezko bi ezten edo orratz (jantzietarako edo bururako) aurkitu ziren.
Ganberaren eraikuntza-lanetan (arbelezko harlauzak egokitzen adibidez) erabili zitekeen hezurrezko zizel bat ere agertu zen.
Hildako batzuen heriotzaren eragileak izan daitezkeen armak ere badaude, adibidez suharriz egindako forma eta garai ezberdineko gezi-puntak.
Brontze-Arokoak
Garai honetan ehorzketa errituala Kalkolitokoaren berdina dela dirudi. Kultura materialean berrikuntza batzuk ikus daitezke: lurrontzi edo zeramikazko ontzia (agian, aurretiko zurezkoen ordezkoa), hezurrezko orratzen ordez brontzezkoa eta gezi-punta garatuagoak.
Azkenik, ganberaren goiko mailan, lurrontzi bat agertu zen. Gerta daiteke Kalkolitoko beheko mailan, zurezkoak izateagatik ez agertzea. Beste trikuharri batzuetako lurrontzien barruan zeuden hondarrak aztertu ondoren garagardoaren gisako edariren bat eduki zuela jakin da. Galdera da hildakoei uzten zitzaien edariren bat zen ala hiletetan parte hartzen zutenen edari bat, edo biak.
Goiko mailan gezi-puntak ere agertu ziren. Hauek (aurrekoak ez bezala) txortena eta hegalak dituzte. Batzuetan, metalezkoak -brontzezkoak- imitatzen dituzte.
Ganberan agertzen dira, ziur aski, hildakoren baten gorpuan zegoelako, eta bere heriotzaren eragilea izan zelako. Borroketarako eta ehizerako erabiltzen zituzten.
Suharrien jatorriaz
Suharria tresna gehienak egiteko erabiltzen zenez eta harri-mota hau arrunta ez denez, zein tokitan agertzen den ikertu da.
Abeltzainak transhumantzian zetozenez euren herrisketan edota eskualdean erabiltzen zituzten suharriak ekarriko zituzten, batez ere hurbilenekoak.
Mandubizelaian berriz ugarienak Flyschekoak dira, kostaldekoak. Urbasa (hurbilenekoa Mandubitik), Ebaporitiko eta Trebiñukoak proportzio txikiagoan agertzen dira, baina inguru horietakoekin bazituzten harremanak.
Ikerketaren informazioa
- Agirre, J.; Moraza, A.; Mujika, J. A. 2010. Los elementos físicos como reivindicación del territorio y de sus frutos en los espacios de montaña. Congreso Internacional sobre el Megalitismo y otras manifestaciones funerarias contemporáneas en su contexto social, económico y cultural (Beasain-Idiazabal, 2007). Munibe suplemento 32, 286-314, UPV/Aranzadi. Donostia-San Sebastián.
- Aldecoa-Otalora, E., 2011. Mandubi Zelaiko hortz aztarnen antzinako DNAren azterketa. Estudio del ADN antiguo de los restos dentales de Mandubi Zelaia. In: Mujika eta Edeso 2011 “Lehenengo nekazari-abeltzainak Gipuzkoan Neolitotik Burdin Arora. Los primeros agricultores y ganaderos en Gipuzkoa del Neolítico a la Edad del Hierro, 350-368.
- Edeso, J. M.; Mendizabal, M.; Mujika, J. A., 2010. Las poblaciones dolménicas y otros grupos humanos contemporáneos en el Pirineo Occidental y estrategias de gestión de los recursos de montaña. Congreso Internacional sobre el Megalitismo y otras manifestaciones funerarias contemporáneas en su contexto social, económico y cultural (Beasain-Idiazabal, 2007). Munibe suplemento 32, 368-390, UPV/Aranzadi. Donostia-San Sebastián.
- Fernández Eraso, J.; Mujika, J. A.; Peñalver, X., 2010. Hábitat y mundo funerario en la Prehistoria Reciente del País Vasco: nuevas evidencias. Congreso Internacional sobre el Megalitismo y otras manifestaciones funerarias contemporáneas en su contexto social, económico y cultural. Munibe suplemento 32, 250-270, UPV/Aranzadi. Donostia-San Sebastián.
- Mujika, J. A.; Armendáriz, A., 1991. La estación megalítica de Murumendi. Munibe 43, 105-165.
- Mujika, J. A., 1999. Mandubi-Zelaia trikuharria (Ezkio-Itsaso). Dolmen de Mandubi-Zelaia (Ezkio-Itsaso). Arkeoikuska 98, 130-132.
- Mujika, J. A., 2000. Mandubi-Zelaia trikuharria (Ezkio-Itsaso). Dolmen de Mandubi-Zelaia (Ezkio-Itsaso). Arkeoikuska 99, 92-94.
- Mujika, J. A., 2001. Mandubi-Zelaia trikuharria (Ezkio-Itsaso). Dolmen de Mandubi-Zelaia (Ezkio-Itsaso). Arkeoikuska 00, 87-90.
- Mujika, J. A.; Edeso, J. M., 2011. Lehenengo nekazari-abeltzainak Gipuzkoan Neolitotik Burdin Arora. Los primeros agricultores y ganaderos en Gipuzkoa del Neolítico a la Edad del Hierro. 350 orr., Gipuzkoako Foru Aldundia.
- Mujika-Alustiza, J. A., 2017. Historiaurreko itzaletik Historiaren hastapenera Gipuzkoan. Gipuzkoako historiaren Sintesia (Ed. Álvaro Aragón Ruano e Iker Echeberria Ayllon), 21-131. Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa, “Miguel de Aramburu” Gipuzkoako Historialarien Elkartea.
https://migueldearanburu.files.wordpress.com/2018/06/gipuzkoako-historiaren-sintesia.pdf
https://migueldearanburu.files.wordpress.com/2018/06/sc3adntesis-de-la-historia-de-gipuzkoa.pdf (wordpress.com) - Olalde, I.; Mallick, S.; Patterson, N.; Nadin Rohland, N.; Villalba-Mouco, V.; Silva, M.; Dulias, K., Edwards, C.J.; et alii, 2019. The genomic history of the Iberian Peninsula over the past 8000 years. Science 363, 1230-1234.
Intereseko estekak:
- https://migueldearanburu.files.wordpress.com/2018/06/gipuzkoako-historiaren-sintesia.pdf
- https://migueldearanburu.files.wordpress.com/2018/06/sc3adntesis-de-la-historia-de-gipuzkoa.pdf
- https://www.euskadi.eus/y22-bopv/es/bopv2/datos/2003/07/0303997a.pdf
- https://www.euskadi.eus/app/ondarea/arkeologia-ondarea/murumendiko-estazio-megalitikoa/beasain/beizama/bidania-goiatz/ezkio-itsaso/fichaconsulta/100306