Natura ondarea

Itsasoko natura ondarearen kontserbaziorako proiektua

 

Alegia auzoko Santa Luzia edo Argixao errekaren ertzeko haltzadia

 

Zer da haltzadi bat?

Haltzadia erreka ertzeko basoa da. Eremu horietan, lurzoruko hutsune eta zulo guztiak urez betetzen dira, eta urak oxigeno gutxi daramanez, lurra berehala geratzen da oxigenorik gabe. Egoera horretan, haltza beste espezieei nagusitzen zaie, oxigenoa hostoetatik sustraietara garraiatzen baitu.

Oso baso ilun, korapilatsu eta itxiak dira. Gipuzkoako haran gehienak oso estuak direnez, haltzadiek gutxitan izango dute pare bat zuhaitz lerro baino gehiago.

 

Haltzadi garatuen zuhaitz geruzan, haltza -Alnus glutinosa- da nagusi, nahiz tarteka lizarra -Fraxinus excelsior- edo sahats iluna -Salix atrocinerea- ere agertu. 

Oihanpean zuhaixkak oparo hazten dira, uretako eta lurzoruko mantenugaien aberastasunagatik (berezkoa zein haltzak berak eragindakoa). Zuhaixken artean ugari dira arantzadun eta igokariak. Belar geruza ere joria da, eta ezpata-belar (Carex pendula) eta iratze ugari egoten da.

Haltza
 

 

Haltzadien presioak

Tradizioz, haltzadiak baratze edo belardi bihurtu dira, eta, horregatik, haltzadi oso gutxi dago Gipuzkoan. 

Hori gutxi ez, eta haltzadi askotan landatu edo bere kasa iritsitako landare inbaditzaile ugari dago, eta bertako habitata degradatzen du horrek.

Adibide nabarmenak dira platano arrunta edo alboa (Platanus x hispanica) eta Buddleja davidii besteak beste.

 

Zergatik kontserbatu edota leheneratu behar da?

Baso horien funtzio ekologikorik bereizgarrienak honako hauek dira: ziklo hidrologikoa erregulatzea, higadura geldiaraztea eta ibai ekosistemaren, biodibertsitatearen eta konektibitatearen orekari eustea. 

Izan ere, lehen mailako korridore ekologikoak dira, eta animaliei aterpea eta babesa eskaintzen diete.​

Horregatik, eta azalera asko murriztu zaielako, Europatik babestuta daude Habitat Zuzentarauan (92/43/EEE Zuzentaraua).

 

Itsasoko Alegia auzoko Santa Luzia edo Argixao errekaren ertzean egindako lanak

Santa Luzia edo Argixao errekaren ertzean haltzadia leheneratzeko lanak egin dira. Horretarako, haltzak landatu dira 1.597,8 m2tan. Haltzadia zabaltzean habitatak leku handiagoa izango du eta onuragarria izango da ibai sistemarako. 

Landaketa eremuan, aurrez, landare inbaditzaileen erauzketa ere egin da. 

Bi ekintza horiekin hasiera eman zaio Alegiako haltzadia leheneratzeari.

 

Itsasoko Alegia auzoko haltzadia

 

 

San Lorentzo ermitaren inguruko lurrak

 

Zer da baso bat?

Zuhaitzez estalitako eremua da basoa, tokian tokiko espeziez osatutakoa, egur hila eta hainbat adinetako zuhaitzak dituena.

 

Zein da San Lorentzo inguruko berezko basoa?

San Lorentzo 600-700 metrotik behera dagoenez, hariztiak behar luke bertan nagusi. 

Hariztiek klima baldintza heze eta leunak behar dituzte, hotz handirik gabeak; ondorioz, haranak eta eguterako magalak dituzte gogoko.

Hariztiak ez dira bereziki ilunak izaten; ondorioz, oihanpe oparoa izaten dute. Hainbat belar, sastraka eta zuhaixka agertzen direnez, zaila izaten da basoa zeharkatzea.

Hariztiek Gipuzkoako basorik anitzenak eratzen dituzte.

Haritzaren hostoa

 

Basoen presioak

Baso naturalen presio garrantzitsuenak habitat suntsi-keta eta lur erabileraren aldaketa dira.

Presio horiek hainbat eragin dute, hala nola:

  1. Biodibertsitate galera.
  2. Higadura, arraseko mozketa sarriengatik.
  3. Karbonoa xurgatu beharrean askatzea.
  4. Ziklo hidrologikoan desorekak.

 

Zergatik kontserbatu edota leheneratu behar da?

Basoen garrantzia bost arrazoietan laburbil daiteke:

  1. Biodibertsitatearen gordailu dira.
  2. Lurzorua eta ura babesteko ezinbesteko ditugu. 
  3. Karbonoa xurgatu eta klima erregulatzen dute.
  4. Hainbat produktu eskura ditzakegu: egurra, produktu jangarriak, aziendarentzako bazka, osasungintzarako osagaiak, lurrin eta kosmetikoak egiteko lehengaiak, koloratzaileak, apaingarriak eta lanabesetarako edota eskulangintzarako hainbat material.
  5. Balio espirituala eta aisia balio handia ere badute.

 

San Lorentzo inguruan egindako lanak

Itsasoko Udalak ia hamar hektarea erosi ditu bertako basoa berreskuratzeko.

Bertan 2.700 zuhaitz landatu dira:

  • 1.400 haritz kandudun
  • 300 gaztainondo
  • 300 gereziondo
  • 275 ezki hostozabal
  • 275 astigar
  • 100 lizar
  • 50 pago
Astigarraren hostoa

Landaketak taldeka egin dira, horrela paisaia heterogeneagoa lortuko baita.

Dagoeneko jaiotako zuhaitzekin, proiek-tuan landatutakoekin eta hutsuneetan etorriko direnekin, hasiera hasieratik baso anitza izango da zentzu guztietan.

 

 

Kizkitzako pagadia

 

Zer dira zuhaitz motzak? 

Ustiaketarako inausitako zuhaitzak dira. Kizkitzan, batez ere, ikazkintzarako eta su egurretarako erabili ziren XX. mende hasierara arte. 

Ordutik bere ustiaketa eten eta zuhaitzak hazi egin dira, gaur egungo itxura ikusgarria lortu arte.

 

Zuhaitz motzen arazoak

Horrelako zuhaitzetan mozketa lanak alde batera uzteak beraien fisiologiaren zaharkitze azeleratua ekarri ohi du. Bertan behera utziriko zuhaitz motzen egiturazko ezaugarri nagusiak hauek dira:

 

 

  1. Argi sarrera txikia adar bakoitzean, argiagatik lehia dela eta.
  2. Neurri handiko adarren eta hosto masa txikien eraginez, hazten jarraitzeko zailtasunak eta energia lortzeko ezintasunak.
  3. Zurgihar behartu asko (inausketa jarduera bakoitzean sorturikoa), baina xilofagoek kolonizatzeko aproposa.

Xilofagoaren ilustrazioa

 

Zergatik kontserbatu edota leheneratu behar da?

Alde batetik, garrantzia biologiko handia dutelako: baldintza egokiak dituzte animalia eta landare ugarirentzako eta horietako askok zuhaitz zaharretan sortutako baldin-tza bereziak behar dituzte. Bizitokiz betetako eraikin batekin aldera daiteke.

Bestetik, gene banku garrantzitsuak dira, garrantzia handikoak gaixotasunen aurreko erresistentziarako edota kimu berrien sorrera handiko geneak pasa ditzaketeelako ondorengo belaunaldietara.

Gainera, horien eraztunak erregistro historikoak dira, klima aldaketak eta kutsadura mailaren adierazle apartak.

Horrez gain, estetikoki erakargarriak eta inspiratzai- leak ere badira, eta lotura historiko garrantzitsuak izan ditzakete.

 

Kizkitzako pagadian egindako lanak

Pagoetako adarrak inausi dira,  pertsona zein eraikinentzat arriskutsuak baitziren. Hala behar zuten adarrak ainguratu egin dira.

Moztutako adarrak 4x4 metroko itxituretan pilatu dira, adarrak moztean sortutako argiuneetan. Horrek animalia eta pertsonen irisgarritasuna mugatu eta ale gazteen ekoizpena ahalbidetuko du.

Ekintza guztiak zuhaitz zaharretan adituak diren langileekin egin dira eta “Ancient tree forum” elkartearen gomendioak jarraitu dira momentuoro.

Pagoaren hostoa

 

 

Ornogabeak kontserbatzeko enbor bertikalen instalazioa Alegia auzoko Santa Luzia edo Argixao errekaren ertzean

 

Lau enbor jarri dira bertikalki eta goialdean hutsune eta zulo batzuk egin zaizkio hainbat ornogabe onuragarri kontserbatzeko. Ornogabe horien ugaritasuna eta aniztasuna gainbehera dator planeta osoan hainbat faktorerengatik, besteak beste, habitat naturala galtzea eta aldatzea, klima-aldaketa, espezie inbaditzaileak, argi eta kimikoen kutsadura,... Hildako egur horren funtzio nagusia babesleku eta habia egiteko leku izatea da, baina baita espezie batzuentzako elikagai ere.

Enborrak haltz egurrez egindakoak dira, Santa Luzia errekaren ertzean berez hazten den bertako zuhaitza. Egurrak mantentze-mozketa lanen soberakinetatik datoz, eta gaur egun haltzadiak egur hil gabezia handia du, batez ere zutik hilda egoten den egurrarena. Enborrak gabezia hori ordezkatzeko erabiliko dira. Egur hilaren gabezia, gainera, munduko basoetan orokorra da, ustiapenaren intentsitatearen ondorioz.

 

Zer ornogabek koloniza ditzakete enborrak?

  • Polinizatzaileek, adibidez, erle bakartiek. Polinizatzaileak beharrezkoak dira loredun landare basatiak eta jateko landatzen ditugun landare gehienak mantentzeko. Hainbat tamainatako zuloak daude, mota askotako polinizatzaileak bizi daitezen.
  • Hildako egurra jan duten ornogabeek, hala nola, arkanbeleek (Lucanus cervus). Denborarekin, enborrak intsektu horien larbek kolonizatu eta deskonposatuko dituzte, zuraren mantenugaiak atera eta gorputzean sartzen baitituzte. Hala, euren harrapariak ere elikatzen dituzte (ugaztun txikiak, hegaztiak, narrastiak, anfibioak, beste ornogabe batzuk).
  • Izurrien harrapariek, hala nola, armiarmek, loreen euliek, kakalardo eta liztor bakarti ugarik, etab. Lehendik dauden zuloetan babesten dira, baina baita denborarekin agertzen diren enborren beste egitura batzuetan ere: azalaren arteko eta azpiko espazioak, egurjaleek zulatutako tunelak, …
  • Eta beste asko…

Azkenik, azpimarratu behar da Santa Luzian egingo diren kontserbazio ekintzen ildoan doazela ekintza hauek, hala nola, bertako zuhaitzen landaketa eta landare-loredunak ugaritzeko plana egitea.