Ondarea
Itsasoko ondare Historiko-Artistikoa
Atal honetan Itsasok duen Ondare Artistiko eta Historikoaren (Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak katalogatuak) zerrenda eta sarrera duzu ikusgai, eta atal bakoitzaren garapena "jarraitu irakurtzen" sakatuta aurkituko duzu. Izan ere, Itsasok katalogatua duen ondare zibila zein erlijiosoa oso zabala da. Honek historian zehar izan duen garrantziaren tamaina adierazten du eta gaurdaino kontserbatzea ere lortu dela, hein handi batean.
Itsasoko San Bartolome eliza
Itsasoko Elizak garai desberdinetako arte estilo gehienen lekukotza eskaintzen digu: 1300. urteko lehen gotikoa ate sarreran, gotikoa eliza-atarian, Juan de Lizarazu eta Tomas de Oñateren estilo errenazentista erretaulan, barrokoa barne arkitekturan eta sakristian, eta XX mende hasierako inpresionismoa Pablo Urangaren pinturetan.
Kizkitza
Kizkitzako gaina Itsasok duen mendirik garaiena da, 664 metrorekin. Aipagarria da Kizkitzako ermita 1622an eraikia izan zela eta garrantzia handia izan duela historian zehar. Gainera, Kizkitzak badu argi berezi bat, itsaso zabaletik 25 kilometrotara egon arren: barneko itsasargia, biziki zaintzen duguna, gauero argia egin diezagun.
Alegiako Madalena eliza
Alegiako Madalena Eliza 1609an azaltzen da lehen aldiz dokumentatua (garai hartan ermita zena). Baina lehenagokoa da, XVI. mendekoa baitira hormen beheko zatia eta erdi-puntuko arkua duen portada, ur bedeinkatu ontzia eta Madalenaren taila zaharra ere.
San Lorentzo ermita
Eraikuntza errektangularra du, lau isuriko egur mardulezko teilatuarekin. Aldarea harrizkoa da, Arriarango apaiz etxetik Eztalagoitiko Domingok traktorean ekarria, eta eusten dioten bi harriak, Atingoena baserriko zutabeen oinarriak izan ziren bere garaian.
Hilerriko gurutzea
Gurutze hau “Kalbariotako” XII.a da, garai batean beste kokaleku bat zuena. Josetxo Zufiaurreren esanetan “de las más profusamente adornadas y de las mejor conservadas de todo Gipuzkoa”. Kalbarioak eliza nagusian hasten ziren eta Itsasoko kasuan Kizkitzara igo eta handik San Lorentzora jaitsi.
Urkaren oinarria
XIII. mendetik XIX. mende bitartean Europa guztian zehar epaiak betetzeko erabili ziren elementuak dira urka bezala ezagutzen ditugunak. Hauen kokaguneek adierazten digute, herri horiek bazutela zibilean eta penalean eskumen aitortua eta autonomia administratibo osoa. Itsasoko kasuan, herriko plazan dugu jarrita oinarria.
Mandubizelaia trikuharria
Duela 6.000 urtetik aurrera ohiko bihurtu zen abeltzain trashumanteak mendi ezberdinetara igotzea (Mandubia, Aralar, Aizkorri, Urbasa, Entzia, etab.) eta lehenengo talde horien urtaroko bizilekuak eta euren talde-hilobiak eraiki ziren.
Duela 5.300 bat urte (Neolitotik Kalkolitora igarotzean), Mandubizelaia trikuharria eraiki zuten eta gutxienez duela 3.700 bat urtera (Brontze Aroa) arte erabili. Tartean mende batzuetako etenaldi bat ezagutu zuela dirudi.
Done Jakue bidea Itsasotik
Gipuzkoako Done Jakue barneko bidea igarotzen da Itsaso ertzetik, lau kilometro eta erdi soilik, baina interes handikoak. Gizateriaren ondare den oraingo bide hau, garai batean garrantzi handikoa izan zen Juzgadu bidearekin bat egiten du. Bestalde, bete betean, Donostia-Arantzazu GR34arekin bat egiten du.
22 bolalekuen aztarnak
Itsasoko ondare txikiaren ikerketa eta katalogazioari bolaleku edo bolatokiekin ekin diogu. Zergatik? Sekulako jakin-mina sortu zitzaigulako orain bizpahiru urte Kizkitzako egunean, mahaiaren inguruan bazkaltzen ari zirenen artean, errenkadan bolatoki askoren izenak bota zituztenean.
7 erroten aztarnak
Ondare txikiaren inguruko ikerketa eta katalogazioarekin jarraituz, 2019an errotak izan ditugu aztergai. Itsasok 7 ezagutu zituen indarrean, batzuk lehentxeago isilduak eta beste batzuk XX. mendean oraindik martxan.
Hamar baserri ondare
Itsasok laurogei baserri inguru baditu; oraingoan Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren katalogoetan Ondare historiko-artistiko izendapena jasotzen duten 10 baserri/eraikin zibilen berri jaso nahi dugu.
24 karobiren aztarnak
Aurten azterlan izan dugun elementua Karobia izan da, karobi-zuloek hainbeste urte itzalita daramatenez beldur baikinen haien oroimena ere oso galdua ote zegoen. Baina ez da horrela izan kasu gehienetan eta zer nolako poza: 24 karobiren aztarnak jaso ditugu.
Itsasoko zubiak
Itsasoko 40ren bat zubiren ikerlan honek, ondare aberats eta gutxi ezagutzen diren bitxi hauengana hurbiltzea du helburu, baita historian zehar Itsaso barnetik eta kanporantz zeharkatzen lagundu duten elementuak izanda, gordetzen duten jakintza ezagutaraztea ere.
Ura Itsason
2022ko udan Itsaso eremuaren erdia (Goendegi eta Maduraldea) hartu genuen uraren erabilerarako elementuak katalogatzeko, tamaina handiko lana baitzen uda batean egiteko. Hurrengo urtean beste hiru zozkerak aztertuz (Mendialdea, Eztalaldea eta Alegialdea) osatu genuen lana eta Itsasoko festetan aurkeztu.